Udalekuetan izen emateko epea irekiko du Mankomunitateak

TTIPI-TTAPA 2013ko maiatzaren 17a

Azken urteotan ohi denez, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak udaleku irekiak antolatu ditu, Dindaia Fundazioarekin batera.
Arantza, Bera, Etxa­lar eta Igantzin udalekuak uztailaren 1ean hasiko dira, eta 26ra arte arituko dira. Lesakako kasuan, sanferminak direla-eta, udalekuak uztailaren 15ean hasiko dira, eta abuztuaren 9an bukatuko. Herri guztien kasuan, udalekuak astelehenetik or­tziralera izanen dira, goizeko 10:00etatik 13:00ak arte.
Izen ematea maia­tzaren 20an, astelehena, hasiko da, eta zabalik egonen da maia­tzaren 31ra arte, ortzirala. Bi bide izanen dira izen emateko: bata, mankomunitatearen web orri­aren bitartez (www.bortziriak.org), eta bertzea telefonoz deituta (948634125, 9:00etatik 13:00ak arte). Taldea sortzeko beharrezkoa da herri ba­koi­tzean gutxienez 8 neska-mutikok izen ematea.
Aurten izen emateko irizpideak aldatu egin dira. Udalekuetan lehentasuna izanen dute Bortzirietan erroldatuak eta bertako ikastetxeetan (D eta B ereduetan) matrikulatuak dauden neska-mutikoek. Baldintza horiek betetzen ez dituzten neska-mutikoek ere izen ematen ahalko dute, baina itxaron zerrendetan geldituko dira, eta epea bukatu eta gero, taldeak antolatzen direnean, jakinaraziko zaie onartuak izan diren edo ez. Matrikulari dagokionez, ume bat apuntatuz gero, 85 euro balio du; bi anai-arreba baldin badira, 150 euro; hiru anai-arreba izanik, 180 euro. Dena den, plaza konfirmatu eta gero eginen da ordainketa.

BI ESKAINTZA
Udaleku irekietan adinaren arabera bi eskaintza egiten dira. Batetik, 3-7 urte bitartekoek udalekuetako ohiko ekintzak izanen dituzte. Bertzetik, 8-12 urte bitartekoentzat adin tarte horri egokitutako sormen tailerrak izanen dira, hau da, musika eta dantza tailerrak, ura eta naturarekin lotutako tailerrak, sukaldaritza, bir­tziklajea, txangoak, piratak, esku lanak...
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun