Maiatzaren 12an ospatu zen Aian (Gipuzkoa) Asentzio Feria famatua. Baserritako produktu eta aziendak ikusgai izan ziren egun osoan. Bezperan, Emakume Proba egin zen lehen aldiz eta Ibarra, Orio eta Astigarragako emakumeen taldeak aritu ziren, zortziko taldetan, 500 kiloko harriari tiraka, lehenbiziko Bizi Iturri sarian. Horien artean Ibarrako taldea nagusitu zen, hiru lesakar bertan zirela: Estitxu Almandoz, Ainhoa Altzugarai eta Rakel Deskarga.
Ibarrako taldeak 30 plaza egin zituen eta metro bakarrarengatik nagusitu zitzaion Orioko taldeari. Astigarragako taldeak 27 plaza pasatuak egin zituen.
Hiru lesakarrentzat lehenbiziko Emakume proba izan zen, nahiz eta entrenatzen inauteriak pasatuta hasi ziren, Ibarrako tadleak sokatirako txapelketak bukatuta. Ainhoa Altzugarai eta Rakel Deskarga Ibarrako taldearekin aritu ziren sokatiran eta Euskadiko txapeldun suertatu ziren gainera.
Sokatira txapelketaren ondotik harriari tiraka probatu behar zutela eta hasi ziren Ibarrako taldekideak. Ainhoa Altzugaraik, orain arte txinga eramaten aritzen zen Estitxu Almandozeri erran eta hau ere hasi zen. «Proba egitera joan eta gustatu egin zitzaidan», aipatu digu Almandozek. Aurten ez du txinga eramateko probekin segitzeko asmorik Estitxu Almandozek, «harri altxatzen hasi naizelako».
Beraz, emakume proban ez ezik, gure inguruan emakumeek gutti praktikatzen duten harri jasotzen ikusiko dugu lesakarra.