Ehun urte bete ditu Modesta Huarte beratarrak

TTIPI-TTAPA 2013ko maiatzaren 20a

Modesta Huarteri lore-xorta eta oroigarria eman diote Marisol Taberna alkateak eta Isidora Agirre zinegotziak. Utzitako argazkia

Familiarekin ospatu zuen maiatzaren 17an eta udalak ere lore-xorta eta oroigarria eman dizkio

1913ko maiatzaren 17an sortu zen Modesta Huarte Iñarga Berako Agerra auzoko Huarte etxean. Mende bat beranduago etxe hori desagertua dago, baina 100 urte bete ditu Modestak eta ederki ospatu du Zalaingo Kamigua etxean, Paquito seme bakarrarekin, Mari Carmen Otamendi errainarekin, Francisco Javier bilobarekin, Elisa honen emaztearekin eta Leire eta Amaia birbilobekin. Berako Udalaren izenean, Marisol Taberna alkateak eta Isidora Agirre zinegotziak lore-xorta eta oroigarriak eman zizkioten. Ikusi argazkiak

Ehun urte bete zituen egunean, joan den ortziralean egin zuten ospakizuna etxekoek eta biharamonean Ibardingo sagardotegian elkartu ziren, familia handiarekin.

Izan ere Modesta, hamar senideren artean gazteena zen. Hiru neska eta 7 mutiko izan ziren eta bi mutilek Argentinara joan behar izan zuten. 25 urterekin Patricio Iriarterekin ezkondu zen Modesta Huarte eta Funvera parean zegoen kantinan bizitu eta aritu zen lanean. Mende honetan hainbat lanetan aritua da Modesta, «beti zerbaitean aritzea» gustatu izan baitzaio. «Hagitz mugitua izan naiz –erran digu–, ostatua bagenuen, labrantza bagenuen, surtidorea bagenuen, egunero irekitzen genuen, ez genuen ixten. Ardo aunitz saltzen genien fabrikako langileei, behin albinteak erran zidan Bera osoan ardi gehien saltzen genuenak ginela».

Kontrabandoan ere aritu zen. «Ahizparekin Sarara joaten nintzen, Lizuniagan barna irin bila. Goizeko 5etan abiatzen ginen eta nik 13 kilo irin ekartzen nituen. Behin, sasi artetik agertu eta gendarmeek gelditu gintuzten eta Sarara bueltarazi gintuzten. Han isuna ordaindu behar izan genuen eta irinarekin gelditu ziren», aipatu digu.

Orduan, bere senarrak hilean 250 pezeta irabazten zituen eta Modestak irina saltzen zuen Donostiako dendetan. Ehun urteko emakumeak aipatu digunez, «irina almohada baten funa barrenean sartu eta josi egiten nuen eta bertze beratar batek eramaten ninduen Donostiara kamioian. Behin zakua hautsi zitzaidan».

Bere bizipenak laburbiltzeko aipatu digunez, «orduan lan egiteko bizitzen ginen, ez orain bezala, orain bizitzeko lan egiten da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.

Egin TTIPI-TTAPAren lagun