Euskarari buruzko gogoeta prozesu arrakastatsua burutu da Bortzirietan

TTIPI-TTAPA 2013ko maiatzaren 6a

Lan saioak biziak eta emankorrak izan dira. Utzitako argazkia

Bi lan saio egin dituzte, partehartze handiarekin eta ekainaren 7an aurkeztuko da emaitza

Joan den apirilaren 20an eta maiatzaren 4an Bortzirietan euskarak dituen erronkei buruz gogoeta egin zuten hainbat herritarrek. Gogoeta saioak hagitz jendetsuak izan ziren: lehenbizikoan euskararen egoera izan zuten aztergai, eta 80 lagunetik gora elkartu ziren. Bigarrengoan, berriz, etorkizunean lehentasunez landu beharreko lan ildoak eta egitasmoak izan zituzten hizpide 70 lagunetik gora.

Guztira, 100 lagun baino gehiagok parte hartu dute gogoeta prozesu honetan, eta euren ekarpen eta iritziekin osatuko dute Bortzirietan euskararen plan estrategikoa. Euskara mankomunitateak guzti-guztiei eskerrik beroenak eman nahi dizkie.

Gogoeta saioen dinamizazioaz Elhuyar Aholkularitza arduratu da, eta lan saioak biziak eta emankorrak izan dira. Parte hartzaileek hagitz ongi baloratu dituzte erabilitako metodologia eta saioen dinamika.

Saioetan ateratako emaitzekin txostena idatziko du Elhuyarrek. Txosten horri ekarpenak eta zuzenketak egiteko modua izanen da, eta horretarako kontraste talde bat osatuko da. Euskararen gogoeta prozesuaren emaitza edo plan estrategikoa ekainaren 7an aurkeztuko da, ortziralarekin, 19:00etan, Beran (tokia zehazteke dago). Datozen urteotan euskararen normalizazioan egin beharreko lana gidatzeko funtsezko tresna izanen dute aurrerantzean euskara mankomunitateak eta euskalgintzak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.

Egin TTIPI-TTAPAren lagun