Adinekoei saltzeko estrategia komertzial erasokorrak erabiltzen ari direla ohartarazi dute

TTIPI-TTAPA 2013ko maiatzaren 3a

Bortzirietako Gizarte Zerbitzuetatik telefono deiak ez onartzeko eta ezezagunei atea ez irekitzeko aholkatu dute

Adineko jendeari produktu ezberdinak saltzeko helburuarekin estrategia komertzial «hagitz erasokorrak» erabiltzen dituzten saltzaileen berri izan du Bortzirietako Gizarte Zerbitzuak.

Adineko jendeari produktu ezberdinak saltzeko helburuarekin estrategia komertzial «hagitz erasokorrak» erabiltzen dituzten saltzaileen berri izan du Bortzirietako Gizarte Zerbitzuak.

Alde batetik, Bortzirietako baserrietan barna bi pertsona ibili dira, gasaren errebisio zerbitzua eskainiz. Adineko pertsonek, harriturik, errebisio hori onartu eta gero, 150 euroko faktura ordaindu behar dutela ohartzen dira. Agiria eta faktura sinatzerakoan, etorkizunean ere errebisioak enpresa horrek egitera konprometitzen dira, lehendik kontratua bertze batekin baldin bazuten ere.

Bertze aldetik, norberari masajeak emateko bertze tresna bat ere saltzen dute. Telefono bidez, produktua eta masajea eskaintzen dute eta interesa agertuz gero, komertziala etxera agertzen da, produktu hori saltzeko intentzioarekin.

Bi adibide hauetan, komertzialek erakusten duten erasokortasunaren lekuko izan dira Gizarte Zerbitzuetan eta adinekoak, kanpoko laguntzarik gabe, aurre egiteko ezinean gelditzen dira. «Ezagutzen ditugun kasuetan, egoerarekin gaindituak sentitu dira adinekoak eta bere interesak defenditzeko zailtasunekin», jakinarazi dute Gizarte Zerbitzuetatik.

Hau dela eta, hiru aholku eman dituzte Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatetik: Gisa honetako telefono deiak ez onartzea, ezezagunei etxeko aterik ez irekitzea eta mota honetako bisita bat izaten denean, familiakoren batekin kontaktatu eta kontsultatzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun