Berako Bestetako Kartel Lehiaketarako lanak maiatzaren 31 arte aurkez daitezke

TTIPI-TTAPA 2013ko maiatzaren 3a

Berako bestetako giroa islatu beharko du kartelak. Artxiboko argazkia

Irabazlea herri bozketan aukeratuko da eta 400 euroko saria izanen da

Aurtengo bestetako kartel lehiaketaren deialdia zabaldu du Berako Kultur Batzordeak. Lanak maiatzaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira eta irabazleak 400 euroko saria eskuratuko du.

Aurtengo bestetako kartel lehiaketaren deialdia zabaldu du Berako Kultur Batzordeak. Lanak maiatzaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira eta irabazleak 400 euroko saria eskuratuko du.

Nahi duen guziak parte hartu ahal izanen du lehiaketan, eta nahi hainbertze lan aurkeztu ahal izanen ditu. Kartelak Berako besta giroa islatuko du eta Berako Bestak 2013 testua agertu beharko du nahitaez eta ez du bertzelako testurik eramanen.

Argazkia edo kartela kolorezkoa izanen da, ez da diapositibarik onartuko, paperean aurkeztuko da, eta bertikala izanen da, 70 x 50 zentimetrokoa. Euskarri gogor batean aurkeztu beharko dira eta behar bezala paketatuak. Estiloa: gaia, estiloa eta erabilitako teknika libre izanen da, betiere Berako besta giroa islatzen badu. Lanek jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dute, ezin dira izan bertze lehiaketetan aurkeztutakoak eta ez dira arruntean edo neurri batean argitaratutako bertze lan batzuen kopia edo plagioa, edo edonola bertze artista batzuen lanak: kartelak, margolanak, etab.

Lanak maiatzaren 31ra arte (ortzirala) eguerdiko 13:30 aitzin aurkeztu beharko dira Herriko Etxeko Bulegoetan, gisa honetako lehiaketetan ohikoa den sistema erabiliz.

Kartel irabazlea Herri bozketan aukeratuko da. Bozketa sistema behar den momentuan jakinaraziko da. Sari bakarra izanen da, 400 eurokoa. Kopuru honi PFEZ moduan dagokion atxikipena ezarriko zaio (%15).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun