Giro ederrean joan dira Lesakako eta Berako Gazte Egunak

Gazte Oihua 2013ko maiatzaren 2a

Berako Gazte Eguneko argazkia Utzitako argazkia

Ametsari tira ta tira, gaztetxia herrira goiburupean Lesakako Gazte Asanbladak antolatutako Gazte Eguna arrakastatsua izan zen apirilaren 13an. Goizean txistularien karrikabueltarekin hasi eta ondotik Berako eta Leitzako gaztetxeetako kideekin “hagitz solasaldi interesgarria” izan zuten. Ondotik pankartak eta 12 paellak egin zituzten. Irabazlea Matxakaranena suertatu zen. 130 lagun inguru elkartu ziren plazan paella jatera. Bazkalondoan jokoak izan zituzten. Skandalue elektrotxarangarekin poteoan eta karpako kontzertuekin akautu zen egun bikaina.
 
Balorazio hagitz positiboa egiten du gazte asanbladak eta eske­rrak eman nahi dizkiete «Kaxerna eta  Atekabeltz gaztetxeetako kideei beren esperientzien berri emateagatik, baita Gazte Egunaren antolakuntzan lagundu diguzuen guztiei eta orokorrean, Lesakako he­rriari, erakutsi duten pazientzia eta asmo onarengatik».
 
BERAKO GAZTE EGUNA ERE GIRO EDERREAN
Goizean, eguraldia lagun, jendeak hagitz gustora hartu zuen parte tailer ezberdinetan eta Tximeletak dokumentala ikusi zuten gero. Bazkarian 80 bat lagun bildu ziren eta bertsolariekin irri batzuk egiteko aukera izan zuten kopa hartzen zuten bitartean. Ondotik gaztetxetik herrira musikaren laguntzaz jautsi ziren eta herriko ostatuetan zehar poteatu zuten. Bukatzeko, luntxa jan eta Mikel Morcillok musika paratzen zuen bitartean gazteak besta giroan murgildu ziren. Iluntzean jende pila bat hurbildu zen herrira eta antolatzailek diotenez "kristoneko girua" egon zen. Pozik gelditu dira beraz Berako gazteak, eta ziurrenik ingurukoak ere, gazte egunarekin. 
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun