Ezintasunen bat duten haurren gurasoen taldea sortu da

TTIPI-TTAPA 2013ko maiatzaren 2a

35 bat lagun bildu ziren ezintasunaren inguruko jardunaldietan. Utzitako argazkia

Hilabeteko bigarren astelehenetan bilduko dira Berako Osasun Zentroan

Bortzirietako Oina­rrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Bortzirietako Osasun Etxeak antolatutako ezintasunaren ingu­ruko zazpigarren jardunaldiak arrakastatsuak izan dira, 35 bat lagun bildu baitziren apirilaren 17an Lesakan. Aurtengoan, nerabezaroaz aritu dira jardunaldietan, eta lehen hezkuntzatik bigarren hezkuntzarako urratsa emateak suposatzen duen aldaketa izan dute hizpide. 
 
Gainera, ezintasuna duten haurren gurasoen ekimenez, hilabetean behin bilduko den taldea ere sortu da. Esperientziak elkar bana­tzea eta elkarrekin lan egitea izanen da ezintasunen bat duten hau­rren guraso talde honen zeregina eta hilabetero, bigarren astelehenean bilduko dira 14:30ean Berako Osasun Zentroan. Lehenbiziko hitzordua maiatzaren 13an izanen dute. Ezintasunari buruz naturaltasunez solasteko eremu bat sortzea, esperientziak trukatzea eta familiek planteatzen dituzte behar ezberdinei erantzuna ematen saiatzea izanen dute helburu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun