Patxi Vila Errandonea Berako txirrindulari profesional ohiak omenaldia jaso zuen apirilaren 26an herrian. Ibardingo Mendiko jatetxean egindako kantu-zahar eta bertso afarian bera izan zen protagonista eta hori izanen da ortziral honetan ETB 1eko Hitzetik Hortzera saioan eskainiko duten tarteetako bat. Sustrai Colina eta Aitor Mendiluze bertsolariak, Frantzisko Santxotena akordeoilaria eta Alberto Zunzarren, Aitor Ibarra eta Patxi Mariezkurrena kantariak aritu ziren gainerako afaltiarrekin batera kantuan.
Eta bide beretik, Jon Artano Hitzetik Hortzerako aurkezlea Patxi Vilarekin egon da, udazkenean ekin zion bizimodu berriaz solasean eta elkarrekin egin dute Beratik Ibardingo gainerako bidea. Hori guztia ortziral iluntzean ikusgai izanen da.