Udaberriko bestak ospatuko dituzte Igantzin apirilaren 27, 28 eta maiatzaren 1ean

TTIPI-TTAPA 2013ko apirilaren 24a

Herritarrek emandako puskekin osatuko dute merkatua, antolatzen duten laugarren aldia da..

Igandeko merkatuan irabazitakoa herriko gida berritu eta etxeetako errotuluak paratzeko erabiliko da

Euskara Batzordeak, azken zazpi urteetako ohiturari eutsiz, Udaberriko bestak antolatu ditu. Hiru eguneko egitaraua izanen da, larunbatean mendi ibilaldiarekin emanen diete hasiera eta maiatzaren 1ean, asteazken eguerdian Igantzi kantari saioarekin eta pintxo potearekin amaituko dira. Tartean, bi urtez behin prestatzen den merkatua ere eginen dute. Herritarrek emandako puskekin osatuko dituzte postuak eta bertan lortzen den dirua, aurten, herriko gida berritzeko eta etxeei beren izenekin errotuluak paratzeko izanen da.

Euskara Batzordeak, azken zazpi urteetako ohiturari eutsiz, Udaberriko bestak antolatu ditu. Hiru eguneko egitaraua izanen da eta tartean, bi urtez behin prestatzen den merkatua ere eginen dute. Herritarrek emandako puskekin osatuko dituzte postuak eta bertan lortzen den dirua, herriko gida berritzeko eta etxeei beren izenekin errotuluak paratzeko izanen da.

Apirilaren 27an, larunbatean hasiko da hiru eguneko besta. Goizeko 10:00etan ibilaldi gidatua eginen da Berrizaunera, plazatik abiatuta. 16:00etan haurrentzako jokoak eta berendua izanen dira plazan eta 20:00etan Mugaldekoak filma eskainiko da eskolan.

Apirilaren 28an, igandearekin, 11:00etatik 18:00etara plazan eginen den merkatua izanen da udaberriko bes­tetako ekitaldi nagusia. 2007an Igantziko Euskara Batzordea merkatua antolatzen hasi zen. Helburua zen herritarrek emandako gauzekin merkatua antolatzea eta hortik ateratako diruarekin herrirako proiektu bat aitzinera atera ahal izatea. Errate baterako, lehen edizio hartan bildutako diruarekin herriko mapa egin zen. Geroztik merkatua bi urtetik behin egin izan da, eta aurtengoa laugarrena izanen da. Aurten, merkatuan bilduko den dirua herriko gida berritzeko eta etxeei beren izenekin errotuluak paratzeko erabiliko du Euskara Batzordeak. Bertan salgai izanen dira herritarrek emandako etxeko puskak (barazkiak, landareak, arraultzeak, mermeladak, kontserbak, postreak, eltzaurrak...) nahiz bigarren eskuko tresnak (CDak, DVDak, ipuinak, liburuak, jostailuak, apaingarriak, bitxiak, boltsoak...), guztiak prezio ezin hobean. Horretaz gain, herriko bi ostatuek bi lagunentzako otorduak eskaini dituzte, eta zozketarako boletoak egun osoan salgai izanen dira merkatuan bertan.

Arratsaldez opilak izanen dira, eta herriko trikitilarien emanaldia ere bai. Udaberriko bestak borobiltzeko, maiatzaren 1ean, asteazken eguerdian Igantzi kantari saioa eginen da karriketan barna eta pintxo-potea eskainiko da Allinean eta Herriko Etxeko ostatuan.   eta maiatzaren 1ean, asteazken eguerdian Igantzi kantari saioarekin eta pintxo potearekin amaituko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun