Ezintasunen bat duten haurren gurasoen taldea sortu da Bortzirietan

TTIPI TTAPA 2013ko apirilaren 18a

Hainbat ideia interesgarri sortu ziren Bortzirietako ezintasunari buruzko jardunaldietan. Utzitako argazkia

Hilabeteko bigarren astelehenetan bilduko dira Berako Osasun Zentroan

Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Bortzirierako Osasun Etxeak antolatutako ezintasunaren inguruko zazpigarren jardunaldiak arrakastatsuak izan dira, 35 bat lagun bildu baitziren apirilaren 17an Lesakan. Aurtengoan, nerabezaroaz aritu dira jardunaldietan, eta lehen hezkuntzatik bigarren hezkuntzarako urratsa emateak suposatzen duen aldaketa izan dute hizpide. Gainera, ezintasuna duten haurren gurasoen ekimenez, hilabetean behin bilduko den taldea ere sortu da.

Esperientziak elkar banatzea eta elkarrekin lan egitea izanen da ezintasunen bat duten haurren guraso talde honen zeregina eta hilabetero, bigarren astelehenean bilduko dira 14:30ean Berako Osasun Zentroan. Lehenbiziko hitzordua, beraz, maiatzaren 13an izanen dute. Ezintasunari buruz naturaltasunez solasteko eremu bat sortzea, esperientziak trukatzea eta familiek plantatzen dituzte behar ezberdinei erantzuna ematen saiatzea izanen dute helburu taldean.

Horretaz gain, nerabezarorako pausuaz eta horrek dakarren aldaketaz aritu zen solasean ANFASeko ordezkaria. Aipatu zituen ideien artean, autogestio taldearenak harrera ona izan zuen. Autogestio taldeetan ezintasunen bat duten nerabeei zerbitzu bat eskaintzen zaie, beraien beldurrak, proiektuak edo aukerei buruz aritzeko toki bat. Psikologo batek gidatzen du taldea eta nerabeei ahotsa ematen zaie. Erran bezala, gustuko ideia izan zen eta orain baloratu egin beharko da eskualdean martxan jar daitekeen edo ez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.

Egin TTIPI-TTAPAren lagun