Nafarroako Soinularien Eguna herrian ospatuko da igandean

Aitor AROTZENA 2013ko apirilaren 17a

Ehun bat akordeolari kalejiran ibiliko dira eguerdian eta bazkaria izanen dute Linddurrenbordan

Nafarroako Soinularien Eguna ospatuko da apirilaren 21ean herrian. Igande eguerdian kalejiran ibiliko dira Nafarroa osotik etorritako akordeolariak. Gero, Linddurrenbordan baz­kalduko dute eta bazkal ondoan ere akordeoi doinuak izanen dira. 
 
Xalbador Madariaga, herriko akordeolari taldeko zuzendariak aipatu digunez, aurtengoan hirugarren edizioa beteko du Nafarroako Soinularien Egunak: «Duela bi urte Amaiurren bildu ginen bazkaltzera 30 bat lagun eta iaz Eugin 64 izan ginen, egitarau zabalagoarekin. Aurten Lesakan ehun soinularitik goiti elkartuko gara». Gaur egun 22 akordeolari biltzen dira he­rriko taldean eta 30. urteurreneko ekitaldia ere prestatzen ari dira maia­tzaren 25erako. Hiru hamarkadako ibilbide ho­rretan, 1992an eta 1993an nazioarteko sari garrantzitsuak irabazi zituen Parisen eta Italiako bertze lehiaketa batean bosgarren postua ere eskuratu zuen. 2008an, 25. urteurrena ospatzen zuen urtean, Sanferminetako txupinazoa botatzeko ohorea ere izan zuen Madariagak, akordeolari taldearen izenean.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun