Udalak, ikastetxeek (Ricardo Baroja eskola publikoa, Labiaga ikastola, Jesusen Bihotza ikastetxea, Toki Ona institutua eta Mukixu haur eskola) eta Semper autoeskolak bultzatuta, Autorik gabe, hagitzez hobe! kanpaina abiatu zen apirilaren 10ean eta asteazkenero gauzatu nahi dute.
2011ko abenduan onartu zuen Udalak mugikortasun plana. Geroztikan hainbat urrats eman dira arlo honetan beti ere herriko eragileekin elkarlanean: seinalizazioa hobetu, oinezkoei bide seguruagoa emateko neurriak hartu, abiadura mugatu, bizikletaren erabilera sustatu, edota aparkalekuetan hobekuntza neurriak hartu.
Orain aurkeztu den kanpaina azkeneko hilabetetan herriko ikastetxeekin batera landutakoa da, eta helburua eskolarako bidea oinez edo bizikletaz egitea bultzatzea da, autoa etxean utzita.
Horretarako, ikastetxe guztietan, klaseetan, saio bereziak lantzen ari dira neska-mutikoekin, maila bakoitzean bere neurriko edukiak aztertzen, Semper autoeskolaren laguntzarekin. Horrezaz gain, maiatzean haurrentzako bi auto-zirkuitu prestatuko dira, foruzainen laguntzarekin. Gurasoentzako lan saio bat ere landuko da. Guraso guztiei banatuko zaien eskuorria ere argitaratu da eta asteazkenetan eskolara sartu-atera orduetan autoen pasoa debekatuko da eskola eremuetan, eta herriko albienteak bertan egonen dira.