«70.hamarkadako giroa jaso nahi nuen hitzez osatutako erretratu batean»

Eneritz IRAOLA 2013ko apirilaren 17a

Mikel Tabernak (Alkaiaga, 1957) karrikaratu duen lehen eleberria da. TTIPI-TTAPA

Lesaka eta Bera artean dago Alkasoro, Mikel Tabernak bere lehen eleberrirako sortu duen Bortzirietako seigarren herria. 60 eta 70. hamar­kaden argazkia egiten du idazleak. Alkasoroko bentako semearen begiek betetzen dute kamera zorrotzaren papera. Eskualdea hunkitu zuten egiazko bi gertakari daude istorioaren oinarrian eta haiekin batera fikziozko beste hainbeste. Inguruan ikusi, bizi eta entzundakotik edan du Tabernak eleberria idazteko berak «sentitutakoa besteei ere sentiarazi» nahi zielako.
 
E. IRAOLA
 
Zer aurkituko du ira­kur­­leak liburu honetan?
1950ean hasi eta 1976 urteen artean kokatzen da istorioa. Hamarkada horietan gure eskualdean nolabaiteko lurrikara eragin zuten bi gertaera latz eta mingarri har­tu ditut oinarrian: lesakar baten hilketa 1950­ean Berako karrika batean eta 1976ko Bor­datxoko hilketak. Ho­riek fikziozko bertze hainbat gertaerekin nahasi ditut. 70.hamarkadako giroa jaso nahi nuen hitzez osatutako erre­tatu batean. Orduko bizimodua eta pertsonaiak erakutsi, bizi izan nuen mundu bat idatzi. Ho­rre­tarako, Bortzerrietako seigarren herria sortu dut, Bera eta Lesaka artean dagoen Alkasoro. Alkasoroko bentako semeari, Martin Irazokiri eta inguruko jendeari ger­tatzen zaizkion goiti beheitiak kontatu ditut. 
 
Eleberrian pasadizo tragikoak eta xamu­rrak tartekatzen dituzu. Zergatik?
Bizitza bera ere halakoxea delako. Garai la­tzak izan ziren baina   baita ederrak ere. Jendeak liburua gustora irakur­tzea nahi nuen eta ez nion errealismoa kendu nahi. Garai hura batailak kontatzen diren moduan kontatu beha­rrean, tartean istorio entretenigarri batzuk ere kontatu nahi nituen.
 
FIkziozko mundua sortu duzu baina errealita­tetik dezente edanda...
Bai, hala da. Protagonista nagusiak nolabait, nire antza duela erran liteke. Nik bizi izan dudan hamarkada eta eskualdean kokatu dut pertsonaia. Inguruan ikusi, bizi eta entzundakotik hartu dut eleberria idazteko. Nik sentitu dudana bertzeei ere sentiarazi nahi nielako. Doneztebeko dantzalekuko ezbehar hura, hurbiletik bizi izan nuen eta aspaldian nuen nire baitan. Hura izan da beharbada, eleberria idazteko lehenengo hazia.  
 
Protagonistaz gain, jendearen sartu irtena etengabea da bentan.
Ildo nagusiaren ondoan, bertze barne istorio eta pertsonaiak ager­tzen dira. Erran liteke panpina errusiar baten antzeko zerbait dela. Martin Irazoki panpina nagusia bada, bere barnean beste panpin ba­tzuk gorde­tzen ditu, istorio baten barrenean bertze istorio bat sor­tzen dutenak.
 
Hamar ataletan banatu duzu eleberria.
Oso independenteak dira pasarte hauek. Bakoitzak autonomia bat du eta bakarka ere fun­tzionatu dezakete. Ipuin labur bezala ulertu litezke, baina irakurtzen joan ahala ohar­tzen zara guztiak baduela lotura bat. Amaierarekin osotasun bat eman nahi izan nion.
 
Hizkuntza aldetik aukeraketa bereziak egin dituzu?
Bortzerrietako erranera eta lexiko jakin ba­tzuk erabiltzea atera zitzaidan, naturalki egia erran.  Erabiltzen ditudan hitz horietako ba­tzuk oraindik ere hagitz normalak dira, ber­tzeak berriz zaharrek erabili bai baina belaunaldi honek galduak ditu. Seierrietaz (Bortzerriak gehi Alkasoro) ari nintzen  eta hala atera zait. Haur eta gazte denbora Alkaigan bizi izan ditut eta sustraiek hara naramate behin eta berriz. Gainera, uste dut Bortzerrietako euskara ez dela behar bezain beste jaso literatur testuetan. Ahozkoan erabiltzen dugun hizkera hori paperera pasa­tu nahi izan dut. 
 
Etorkizunari begira zein helburu dituzu?
Epe motzera ez dut helburu berririk. Irakurleek eleberria zer moduz hartzen duten ikusi beharko da orain. Ni gustora gelditu naiz egindakoarekin, barnetik ateratako lan baten emaitza izan delako.
 
ERANTZUNA 
«Bortzirietako erranera eta lexiko jakin batzuk erabiltzea atera zitzaidan, naturalki egia erran. Erabiltzen ditudan hitz horietako batzuk hagitz normalak dira, bertzeak berriz zaharrek erabili bai baina belaunaldi honek galduak ditu. Seierrietaz ari nitzen eta hala atera zait. Haur eta gazte denbora Alkaiagan bizi izan ditut eta sustraiek hara naramate behin eta berriz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun