Euskaltzaleen Topaguneak, Berako Udalaren laguntzarekin, Ruper Ordorikaren kontzertua antolatu du larunbatean, apirilaren 20an. Emanaldia Berako Kultur etxean izanen da 22:00etatik aitzinera eta sarrerak aldez aurretik erosteko aukera dago Errekalde Ostatuan 8 euroren truke.
Ruper Ordorikaren kontzertua, BatBIRALau Euskal Kulturaren Nafarroako Zirkuituaren baitako ekitaldietako bat da. Zirkuitoaren bosgarren edizioa da aurtengoa eta apirilaren 14tik maiatzaren 24ra bitarte, formatu zein kalitate handiko lau ikuskizun biltzen ditu bere baitan. Apirilaren 14an Elizondon Anarik eskaini zuen kontzertuarekin eman zitzaion hasiera zikloari eta maiatzaren 24ean amaituko da. Bi musika kontzertuez gain, antzerkiak ere izanen du bere tartea. Maiatzaren 4an Agoizko Kultur Etxean Pottola antzezlana izanen da ikusgai eta maiatzaren 24an Etxarri Aranazko Kultur Etxean Lingua Nabajorum ikuskizunaz gozatzeko aukera izanen da.
Horrelako proiektu bat aurrera eramateko antolakuntza sendoa bermatzea behar-beharrezkotzat jotzen dute antolatzaileek. Horretarako, ezinbestekoa ez ezik, egitasmoaren helburu nagusienetakoa ere bada, erakunde publiko zein pribatuekin eta gizarte mugimenduarekin elkarlanean aritzea. BatBIRAlau izeneko egitasmoan esaterako, Cederna Garalur mendialdeko garapen agentziaren eta udalen laguntza izan du Topaguneak.