Bortzirietako Euskara Mankomunitateak euskara sustatzen eta garatzen jardun du azken urteetan; eta, aurten, horretarako geldialdi bat egin, egindakoa baloratu eta aurrera begirakoak herritarrekin batera landu nahi ditu, euskarari buruzko gogoeta prozesua irekiz. Lehen saio irekia apirilaren 20an, larunbat goizeko 10:00etatik 14:00etara eginen da Berako Toki Ona Institutuan.
Bortzirietako Euskara Mankomunitatetik diotenez, “aurrera begirako asmoak bilduko dituen plan berria diseinatzeko momentua egokia da geldialdia egin eta eguneroko dinamikatik harago begiratzeko: orain arte egindako ibilbidearen kontzientzia hartu, emandako aurrerapausoak aztertu, hutsuneak eta hobetzekoak identifikatu, eta, azken batean, egungo egoeraren diagnostikoa egiteko. Geldialdi horrek etorkizunera begira jarraitu beharreko norabidea marrazteko oinarriak edo irakasbideak eskainiko dizkio”.
Horretaz gain, hausnarketarekin bertze bide batzuk ere landu nahi ditu: eskualdean euskararen aldeko sentsibilizazio-lana egiteko, euskararen aldeko jarrerak, jokabideak eta konpromisoak aktibatzeko, edota euskararen garapenaren aldeko konpromisoa hartu nahi duten elkarte eta taldeen arteko koordinazioa eta lankidetza handitzeko. Azken batean, hizkuntza-komunitatea egituratu eta sendotzeko.
Lan honetan, bi lan-saio proposatu ditu, hiruna ordukoak. Euskara Mankomunitateak Elhuyar Aholkularitza enpresaren zerbitzuak kontratatu ditu lan hori bideratzen laguntzeko. Lehenbizikoa apirilaren 20an eginen da, larunbat goizeko 10:00etatik 14:00etara Berako Toki Ona institutuan eta hurrengoa maiatzaren 4an, toki eta ordutegi berean. Saioetan lau talde handi antolatuko dira, euskararen egoera arloka hobeto aztertzeko. Talde handietan ere talde txikiak eginen dira, lasaiago hitz egin ahal izateko.
Hainbat arlotan egindako lanak baloratuko ditu; eta, gaur egungo egoeratik abiatuta, datozen urteetarako planaren proposamena egin nahi du.
Hortaz, Bortzirietako herritar eta eragile guztiei gonbite egin nahi die lan-saioetan parte hartzera: gazteak eta nagusiak, langileak eta langabetuak, kirolariak, musikariak, gurasoak, dendariak, arotzak, mekanikoak, zaintzaileak... Guztien bizipen, proposamen eta hausnarketak lagungarriak izango direlakoan, eskualdean euskarak duen lekua handitu eta gure hizkuntzarekiko sentsibilizazio eta inplikazioa erakutsi nahi duen ororentzako zabalik daude lan-saioak.
Horrela bada, prozesuan parte hartzeko interesa izanez gero, nahikoa da 948634125 telefonora deitzea edota euskara@bortziriak.org posta-helbidera idaztea. Nolanahi ere, lan-saioak irekiak dira, eta ez da derrigorra aldez aurretik izena ematea, komenigarria bai, ordea, leku eta saioen kudeaketa hobetzeko.