Udaberriko bestak apirilaren 27, 28 eta maiatzaren 1ean

TTIPI-TTAPA 2013ko apirilaren 18a

Merkaturako puskak eman nahi dituenak batzordeko kideekin harremanetan jarri behar du. Artxiboko argazkia

Igandeko merkatuan biltzen dena gida berritzeko eta etxeen izenekin errotuluak paratzeko erabiliko da

Euskara Batzordeak antolatuta Udaberriko bestak ospatuko dira apirilaren 27 eta 28ko asteburuan eta maia­tzaren 1ean, asteazkenarekin.

Apirilaren 27an, larunbat goizeko 10:00e­tan ibilaldi gidatua eginen da Berrizaunera, plazatik abiatuta. 16:00etan haurrentzako jokoak eta berendua izanen dira plazan eta 20:00etan Mugaldekoak filma eskainiko da eskolan.

LAUGARREN MERKATUA

Apirilaren 28an, igandearekin, 11:00etatik 18:00etara plazan eginen den merkatua izanen da udaberriko bes­tetako ekitaldi nagusia. 2007an Igantziko Euskara Batzordea merkatua antolatzen hasi zen. Helburua zen herrita­rrek emandako gauzekin merkatua antolatzea eta hortik ateratako diruarekin herrirako proiektu bat aitzinera atera ahal izatea. Errate baterako, lehen edizio hartan bildu­tako diruarekin herriko mapa egin zen. Geroztik merkatua bi urtetik behin egin izan da, eta aurtengoa laugarrena izanen da. 

Aurten, merkatuan bilduko den dirua he­rriko gida berritzeko eta etxeei beren izenekin erro­tuluak paratzeko erabiliko du Euskara Batzordeak. Bertan salgai izanen dira herrita­rrek emandako etxeko puskak (barazkiak, landareak, arraultzeak, mermeladak, kontserbak, postreak, eltzau­rrak...) nahiz bigarren eskuko tresnak (CDak, DVDak, ipuinak, liburuak, jostailuak, apain­garriak, bitxiak, boltsoak...), guztiak prezio ezin hobean. Euskara Ba­tzordeak informazioa banatu du etxeetara, eta puskak eman nahi dituenak apirilaren 20rako harremanetan jarri behar du batzordeko kideren batekin.

Horrez gain, herriko bi ostatuek bi lagunen­tzako otorduak eskaini dituzte, eta horiek azken orduan zozketatuko dira. Zozketarako boletoak egun osoan salgai izanen dira merkatuan bertan. Arratsaldez opilak izanen dira, eta he­rriko trikitilarien saioa ere izanen da.   

Udaberriko bestak borobiltzeko, maiatzaren 1ean, asteazken eguerdian Igantzi kantari saioa eginen da ka­rriketan barna eta pin­txo-potea eskainiko da Allinean eta Herriko Etxe­ko ostatuan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun