Ametsari tira ta tira, gaztetxia herrira lelopean egun osorako egitaraua prestatu dute Lesakako gazteek larunbaterako. Goizean goizetik hasi eta besta igandeko ordu ttikiak arte luzatzeko aukera izanen da. Gainera aurten lehenengoz karpa jarriko dute eta arratsean bokatak emanen dituzte. Antolatzaileek mozorrotuta joan eta bakoitzak bere edalontzia eramateko deia egin dute. Ikusi Lesakako Gazte Asanbladak besta iragartzeko egindako bideoa.
Goizeko 10:30ean Berako Kaxena eta Leitzako Atekabeltz gaztetxeetako kideekin solasaldia eginen da. Bertze herrietako gaztetxeen errealitatea ezagutu eta haien esperientzietatik ikasteko aukera izanen dute bertaratzen direnek. 12:30ean paella txapelketa hasiko da eta koadrilla bakoitzak bere bandera eginen du. Egidanko paella bazkalduko dute ondoren. Txapelketan parte hartu dutenek 5 euro ordaindu beharko dituzte eta paella egin ez dutenek 8 euro. Izen ematea Arrano eta Atxaspin egin liteke. Arratsaldeko 16:30ean jokoak izanen dira eta ondotik poteoa Skandalue elektrotxarangarekin. Eguna ongi akautzeko, kontzertuak antolatu dituzte: Dama, Afu, Anai arrebak eta Bad Sound Sistem igoko dira taula gainera.