'Autorik gabe, hagitzez hobe!' kanpaina paratuko da abian Beran apirilaren 10ean

TTIPI TTAPA 2013ko apirilaren 9a

Ikastetxetarako bidea oinez edo bizikletaz egitea bultzatu nahi da. Artxiboko argazkia

Ikastetxeetarako bidea oinez edo bizikletaz egitea da helburua

Berako Udalak, Berako ikastetxeek (Ricardo Baroja eskola publikoa, Labiaga ikastola, Jesusen Bihotza ikastetxea, Toki Ona institutua eta Mukixu haur eskola) eta Semper autoeskolak bultzatuta, Autorik gabe, hagitzez hobe! kanpaina paratuko dute abian apirilaren 10etik hasita eta asteazkenero gauzatu nahi dute.

Berako Udalak, Berako ikastetxeek (Ricardo Baroja eskola publikoa, Labiaga ikastola, Jesusen Bihotza ikastetxea, Toki Ona institutua eta Mukixu haur eskola) eta Semper autoeskolak bultzatuta, Autorik gabe, hagitzez hobe! kanpaina paratuko dute abian apirilaren 10etik hasita eta asteazkenero gauzatu nahi dute.

2011ko abenduan onartu zuen Berako Udalak mugikortasun plana, herriko hainbat eragileekin landutako eta adostutako plana. Aitzinetik ere eragile desberdinen babesarekin, mugikortasunerako hitzarmena sinatu zen. Geroztikan hainbat urrats eman dira arlo honetan beti ere herriko eragileekin elkarlanean: seinalizazioa hobetu, oinezkoei bide seguruagoa emateko neurriak hartu, herriko karriketan abiadura mugatu, bizikletaren erabilera sustatu, edota aparkalekuetan hobekuntza neurriak hartu.

Orain aurkeztu den kanpaina azkeneko hilabetetan herriko ikastetxeekin batera landutakoa da, eta helburua eskolarako bidea oinez edo bizikletaz egitea bultzatzea da, autoa etxean utzita.

Horretarako, ikastetxe guztietan, klaseetan, saio bereziak lantzen ari dira neska-mutikoekin, maila bakoitzean bere neurriko edukiak aztertzen, Semper autoeskolaren laguntzarekin. Horrezaz gain, maiatzean haurrentzako bi auto-zirkuitu prestatuko dira, foruzainen laguntzarekin. Gurasoentzako lan saio bat ere landuko da. Guraso guztiei banatuko zaien eskuorria ere argitaratu da eta asteazkenetan eskolara sartu-atera orduetan autoen pasoa debekatuko da eskola eremuetan, eta herriko albienteak bertan egonen dira.

Herriko ibilbideetan autoz dabilenari eskatu nahi diote arretaz ibiltzea, oinezkoak eta txirrindulak errespetatzea, bakoitza bere modura ere inplikatzea.

Ekimena ikasle eta gurasoei zuzendua bada ere, gainerako herritarrak gonbidatu nahi dituzte, herri barneko joan-etorriak egiteko, autoa etxean utziz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun