Eskualdeko Errealzaleen Genaro Taldeak antolatutako IV. Genaro Taldea Mus txapelketa jokatu zen apirilaren 7an Berako Xuga ostatuan. Laugarren aldi honetan 18 bikotek parte hartu zuten, iaz baino 5 bikote gehiagok. Hainbat kanporaketa pasatu ondotik, Joxe Mari eta Joanito Zelaieta anaiek eta Asier Saragueta eta Xabi Irazoki beratarrek jokatu zuten finala. Anaia zenari omen eginez, Zelaietatarrak izan ziren nagusi, beraz, lehen saria etxean gelditu zela erran dezakegu.
Txapeldunek, garaikurraz gain, Xugan bazkari bana, Erreala-Real Madril partidua ikustera joateko sarrera bana eta Genaro Taldeko bufanda eder bana eskuratu zituzten. Txapeldunordeek, berriz, bildots erdi bana eta Genaro Taldeko bufanda bana. Hirugarren saria Txelu Oiartzabal eta Estibaliz Berroeta beratarrentzat izan zen eta hauek ardo eta txanpain lote bana eta Genaro Taldeko bufanda banarekin joan ziren etxera.
Osasuna-Erreala ikustera ateraldia
Aitzinera begira, Genaro Taldeak hainbat ekintza burutuko ditu, tartean apirilaren 20-21eko asteburuan jokatzekoa den Osasuna-Erreala partidura ateraldia antolatzen ari da. Lerro hauek idazterako momentuan, Espainiako futbol Federazioak 32. jardunaldiko partiduen egunak eta orduak finkatu gabeak ditu, baina horren berri izan orduko ateraldiko xehetasunak lotzeari ekinen dio taldeak.