«Profesionaletara salto egiteko unea ailegatu zait aurten»

Aitor AROTZENA 2013ko martxoaren 27a

Beñat Txoperena, Eki Sport taldeko maillotarekin. Utzitako argazkia

Aitor AROTZENA | IGANTZI
 
Joan den urtean 23 urtez beheitiko txirrindulari nafarrei zuzendutako Challenge Larequi irabazi zuen Beñat Txoperena Matxikote (Igantzi, 1991) txirrindulariak, Bidelan Kirolgi taldean. 295 puntu eskuratu zituen eta bi garaipen lortu, Lehendakari Txapelketarako puntuagarria zen Tolosako proban eta Galiziako Itzuliko lehen etapan. Aurten, Eki Sport taldean ari da eta kategoriako azken urtean denboraldi ona osatu nahi du, «profesionaletara salto egiteko momentua» ailegatu zaiola uste baitu.
 
Espero zenuen iaz zure kategoriako txirrindulari onena izatea?
Egia erran ez nuen askorik pentsatu, sari hori bere gisa etorri zen. Nik uste erregularitatearen saria izan dela, batez ere ekainetik aurrera. Karrera askoren lehian ibiltzeko aukera izan dut, eta horregatik azkenean nahiko errex sari hori eskuratzeko aukera izan dut.
 
Zure lehenbiziko garaipenak ere lortu zenituen… Zeinekin gozatu zenuen gehiago?
Tolosakoa berezia izan zen, lehenengoa zelako, eta taldekide neukan Jon Ander Insaustirekin sartu nintzelako. Halere, Galiziakoarekin gehiago disfrutatu nuen. Karreraren nibela altuagoa zen, etapa oso gogorra izan zen, eta jende horren aurretik bakarrik ailegatzea eta mallot horia janztea hagitz polita izan zen.
 
Erraxa egiten al zaizu txirrindularitza eta ikasketak bateratzea?
Orain arte ez da hagitz erraxa izan, klase asko neuzkalako eta horrek entrenatzeko edo deskantsatzeko denbora kentzen zidalako. Aurten ez dut klaserik, dena aprobatua daukadalako eta proiektua egiten ari naizelako. Lasaiago nabil, eta ingles klase batzuk ere hartzeko aukera izan dut.
 
Larequi Challengea irabazi duten txirrindulari gehienek profesionaletara pasatu dira. Zuk ere itxaropen hori duzu edo urrun xamar ikusten duzu oraindik?
Aurten momentua ailegatu zaidala uste dut. 23 urtez azpiko azkeneko urtea izanen dut, eta pausua emateko momentua da. Horretarako ahalik eta hobekien prestatuko naiz, eta nere aldetik dena emanen dut.
 
Txirrindularitza profesionalak azken aldian ez du berri onik ematen: Puerto Auzia, Armstrongen aitorpena… Horrek ez al dizu txirrindulari profesionala izateko animorik kentzen?
Belaunaldi hori atzera utzi beharra dago. Ezin da ukatu txirrindularitzak iragan iluna daukala, eta hori horrela da. Baina orain pasaporte biologikoarekin dena kontrolatuago dago, eta mundu profesi­nala aunitzez garbiago dago orain dela 10 urte baino, dudarik gabe gai­nera. Pertsonalki ez dit animorik kentzen gaiak. 
 
Halere, momentuan bederen, afizionatuetan segitzen duzu, aurten Eki Sport talde berriarekin…
Kontua da Bidelan enpresak dirurik jartzeko aukerarik ez duela izan, baina taldearen egitura berdina da. Taldekide gehienak berak dira, eta staff teknikoa ere bai, Jon Odriozola buru dela.
 
Denboraldi honetan zer helburu jarri dizkiozu zure buruari? Berriz ere kategoriako nafarrik onena izan zaitezke?
Oraingoz nahiko ongi doa prestakuntza. Helburu nagusiak maiatza eta ekainean dauzkat, Bidasoa eta Nafarroako itzuliak, baina ez dut atzendu nahi bai Espainiako Kopako karreretaz, eta baita Igantziko karreraz. Helburuak hala ere astebururo dauzkat, edozein karrera irabaztea edo disputatzea, eta ahalik eta erregularrena izatea. Kalitate salto bat ematea dut helburu, eta profesionala izateko moduko denboraldi bat egitea. Kategoriako nafarrik onena izatea seinale ona izanen litzateke, baina ez diot duena baina inportantzia gehiagorik ematen.
 
Igantziko karrera aipatu duzu. Polita izanen litzake herritarren aitzinean irabaztea…
Herriko karreran ezin da faltatu.  Dudarik gabe irabaztea ikaragarria izanen zen, baina ez da bat ere erraxa. Ahal den guzia eginen da lortzeko, edo bederen ahalik eta hobekien sailkatzeko. 
 
Zer ezaugarri dituzu txirrindulari bezala?
Nahiko erregularra naizela uste dut. Oraindik denean hobetu beharra dut, bai igotzen, bai erlojupekoan… Halere nere hutsunerik handiena sprinean daukatela uste dut, eta hori hobetzea hagitz zaila da. Desgaste handiko karreretan ongi moldatzen naiz, Galizian irabazi nuen etapa adibide gisa hartuta. Gorabehera handiko etapetan.
 
MOVISTAR GOGOKO
«Profesionala izatea jada ikaragarria izanen litzateke, edozein taldetan, baina bat aukeratzekotan Movistar eginen nuke. Talde Nafarra da eta mundu mailan onenetakoa. Ametsa izanen litzateke bertan ibiltzea. Taldekideentzat lanean ikusten dut nere burua. Jesus Herrada da nere erreferentzia, asko gustatzen zait eta gustura eginen nuke lan beretzat.»

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun