Berako IX. Mendi Maratoi Erdia – VII. Ibardingo Saria apirilaren 14an jokatuko da. 500 dortsal jarri zituen martxoaren 11n eskuragai lasterketa antolatzeaz arduratzen den Manttale Mendi Lasterketa Taldeak, Agerra Mendi Taldearekin eta Gure Txokoa elkartearekin batera. Segidan, denak agortu ziren.
Berako lasterketako ibilbideak ez du aldaketarik izanen, 21 kilometroko distantzian, 2.714 m-ko desnibel metatua gainditu beharko da. 9,7 kilometro malda gora izanen dira eta 10,9 km behera, gehienezko igoera portzentajea %45 delarik. Froga gogor honen abiapuntua eta helmuga Berako Kiroldegia izango da eta punturik garaiena Larun (900,40 m). Aurtengo edizioan sariak mantenduko dituzte lehenengo bortz sailkatuentzat bai emakumeen kategorian eta bai gizonezkoenean.Lehenengoak 300 euro jasoko ditu,bigarrenak 250 eta hirugarrenak, 200 euro.
SARI BEREZIAK
Ibardindik (6,6 km) pasatzen den lehen korrikalariarentzat 150 euroko saria mantenduko da, eta mantendu egingo da, halaber, Didier Zagok frantziarrak ezarritako lasterketako errekorra (1:38:11) gainditzea lortzen duenarentzat izango den 300 euroko saria.
Izena ematen duten guztiei ondoren adierazitako produktuak dituen poltsa bana banatuko zaie: Martikoren produktuak, produktu energetikoak, Lorpen galtzerdiak, eta Craft markako kamiseta bat, eta beharrezkoak dituzten zerbitzu guztiak eskura edukiko dituzte (txipa, dutxak, jan-edatekoak kontroletan eta lasterketa ondoko luntxa). Aurten ezarriko den kronometraje zerbitzuari esker, tarteko denborak ikusi ahal izango dira helmuga puntutik.