Ametsari tira ta tira, gaztetxia herrira lelopean egun osorako egitarau osoa prestatu dute Lesakako gazteek. Goizeko 10:30ean Berako Kaxerna eta Leitzako Atekabeltz gaztetxeko kideekin solasaldia izanen da, bertze herrietako gaztetxeetako esperientzietatik ikasi nahian. 12:30ean Paella txapelketa hasiko da eta koadrilla bakoitzak bere bandera eginen du. Egindako paella bazkalduko dute ondotik (5 euroren truke paella egin dutenentzat eta 8 euro egin ez dutenentzat: apuntzeko Arrano eta Atxaspin). Arratsaldean jokuak izanen dira, ondotik poteoa Skandalue elektrotxarangarekin eta arratsa ongi akautzeko kontzertuak: Dama, Afu, Anai Arrebak eta Bad Sound System. Aurten berrikuntza bat izanen da gainera, karpa jarriko baitute gazteek. Arratsean zehar bokatak ere emanen dituzte, eta egun osoan zehar mozorrotuta joateko zein nork bere edalontzia eramateko deia egin dute gazteek.