Korrikaren 18. edizioa ere joan zaigu. Aldi honetan ere, milaka lagunek bat egin dute Korrikarekin. Martxoaren 17an, goiz aski sartu zen Bortzirietako lurretan eta herrian ere, lagun talde batek lasterka egiteko aukera izan zuen. Berrizaundik Sunbilla aldera, N121A errepidean, 56 eta 57. kilometroetan lasterka aritu ziren. Udala, Arantzako eskolako ikasle, irakasle eta gurasoak, Gazte Asanbladak eta Aterpek parte hartu zuten Korrika nagusian, baina argazkian ageri denez, eskolako neska-mutiko, irakasle eta gurasoek ere egin zuten bere Korrika Ttikia herrian barna.