Sanferminetako kartel eta azal lehiaketak deitu ditu Udalak

Aitor AROTZENA 2013ko martxoaren 27a

Herri bozketak erabakiko ditu aurten ere irabazleak

Sanferminetako programaren azala eta bes­tak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa deitu du, Lesakan jaio edota bertan bizi direnentzat. Lanak udal bulegoetan aurkezteko epea apirilaren 12an, 13:00etan akautuko da, lehiaketa hauetan ohikoa den sistema erabiliz. 
 
Joan den urtean bezala, herri bozketaren bidez aukeratuko dira irabazleak. Horretarako, apirilaren 16tik 21era erakusketa eginen da aurkezten diren lan guziekin. Erakusketa aretoan ez ezik, udalaren webgunearen bidez ere bozkatzeko aukera izanen da.
 
Irabazleendako sariak murriztu egin dira aurten. Kartel nahiz azal lehiaketen irabazleek 250 euroko saria eramanen dute, herriko ostatu, denda edota zerbitzuetan gastatzeko eta oroigarria. Kartela argitaratu eginen da eta azaleko lehen saria programaren aitzineko azalean joanen da. Bertze aldetik, gibeleko azala aukeratzeko, herriko ikastetxetan ikasten ari diren 6 urtetik 12ra bitarteko haurrei zuzendutako portada lehiaketa ere deitu du Udalak. Hauen lanak ere apirilaren 12rako aurkeztu beharko dira udal bulegoetan. Lehenbiziko saria, herriko dendetan eskolako materiala erosteko 100 euroko balioa duen bonoa eta oroiga­rria izanen da, eta irudia programaren gibeleko azalean argitaratua ikustea, noski.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun