3.376.550 euroko aurrekontua izanen du aurten Udalak

TTIPI-TTAPA 2013ko martxoaren 27a

Udal eraikinak berotzeko biomasako proiektua izanen da inbertsiorik handiena

3.376.550 euroko aurrekontua izanen du aurten Udalak, martxo­aren 19ko batzarrean ahobatez onartu zenez. Iaz baino 157.000 gehiagoko aurrekontua da eta alde handiena inbertsiotan dago. 492.000 euro inguru joanen dira inbertsioetan.
 
Hain zuzen, aurten egin nahi diren inber­tsioak energia aurrez­teari begira prestatu dituzte. Handiena, udal eraikinak berotzeko biomasa-proiektua da, 380.000 euroko inber­tsioarekin. Eskola, ikastola, kiroldegia, haur eskola eta institutua berotzeko proiektu bat da. Premia handikoa dela aipatu digu Marisol Taberna alkateak «izan ere eraikin horieta­ko galdarak hagitz zahar­kituak daude, eta orain ez badugu zerbait egiten egunen batean krak eginen dute eta orduan izanen ditugu komeriak».
 
Eskola eta osasun zentroan leihoak ere aldatu nahi dituzte, 58.500 eta 13.500 euro inguruko inbertsioekin.
 
Herriko Etxe berrituan oraindik ez da ekipamendua osatu eta aurten artxibategiko al­tzariak erosi nahi dituzte, 12.000 euroko inber­tsioarekin.
 
Iaz kanposantuan lan batzuk egin ziren eta horiek osatzeko, libre dagoen hilobi eskasia konpontzeko 5.000 euro inbertituko dira. Moldaketa lan ttikiagoak ere egin nahi dituzte argiterian eta frontoian.
 
Aurten menditik 100.000 euro inguruko diru sarrerak espero dira eta horri esker orekatu ahal izan da aurre­kontua. Baina heldu den urtean, seguru aski ez da horrelakorik izanen eta gerora, «egu­rra ateri ondotik, landaketak egin beharko ditugu eta Nafarroako Gobernuak aurten diru laguntza horiek murriztu dituela eta heldu den urteari begira kendu, panorama ez da erraxa».
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun