Igande honetan, apirilak 7, XXXVI. Felix Errandonea Memoriala junior kategoriko txirrindularitza lasterketa jokatuko da Beran. Aurten, proba hau Euskal Herria torneoaren barnean sartzen da. Lau laisterketek osatzen dute torneo hau eta Berakoa bigarrena izanen da (aurrekoa Agurainen izan zen eta hurrengoak Mutrikun eta Amorebietan). Beraz, Euskal Herri osoko 15-20 taldetako 200 bat txirrindulari etorriko dira Berara, tartean Lizarte Ermitagaña taldean ari den Kepa Remiro herritarra dela.
Laisterketa igande goizeko 10:30ean hasiko da Beran, Iamotenean. Ibilbidea: Iamoteneatik ateri, Zalain aldera, bertan Lesakako Bereau zubi aldera, karretera zaharretik Etxalarko bentara eta hortik Berrizaunera, karretera berritik Berara, berriz Zalain, Bereau, Etxalarko benta, Berrizaun, Bera, Zalain, Bereau, Etxalarko benta, Berrizaun, Bera, Zalain, Bereau, Lesakan sartu, Piedadeko gainetik Igantzira, Berrizaun, karretera zaharretik Etxalarko bentara, Bera eta helmuga Lizuniagan. 2 ordu inguruan 76 kilometroko ibilbidea eginen dute. Helmuga Lizuniagan izan arren sari banaketa Iamotenean eginen da.
Primerako txirrindularitza lasterketa ikusteko aukera izanen da, bai txirrindulari kopuruangatik baita kalitatearengatik ere, bertan izanen baitira etorkizunean profesionaletan ikusiko ditugun euskal txirrindulari bikainak.