Euskararen inguruan herritarrek duten iritzia jaso nahi dute Bortzirietan

TTIPI-TTAPA 2013ko mar. 27a, 10:35

Urko Ikardo eta Garaxi Tabernak azaldu dizkigute gogoeta prozesuaren nondik norakoak. TTIPI-TTAPA

Apirilaren 20an eta maiatzaren 4an elkartuko dira Beran

Zaindu maite duzun hori dio Ruper Ordorikak abesti batean, baina zaintzeaz gain euskara «erabili, garatu eta indartu» egin behar dela argi du Bor­tzirietako Euskara Mankomunitateak. Baina, normalizaziorako bidean zein  pauso eman beharko lirateke?
 
Galdera horri eran­tzuteko asmoz, gogoeta saioak eginen dituzte  bi larunbatetan, apirilaren 20an eta mai­atzaren 4an. Berako Toki-Ona ins­titutuan elkartuko dira goizeko 10:00etatik 14:00etara. Lau taldetan banatuta, Elhuyar aholkularitzak gidatuko ditu saioak.
 
Saio irekiak izanen dira. Bortz herrietako elkarte, eragile eta he­rritarrek euskararen in­guruan dituzten iritzi eta ekarpenak bildu nahi dituzte. Garaxi Tabernak, Bortzirietako Euskara Mankomunitateko ordezkariak azaldu digunez,  «herritarrentzat egiten dugu lan, horregatik, beraiei eman nahi diegu hitza». Gainera azpima­rratu du gogoeta hauetan parte har­tzeko ez dela beharrezkoa aditua izatea­­ «herritar guztiak dira garrantzi­tsuak eta guztiek badute zer esana».
 
Urko Ikardok, Bortzirietako euskara teknikariak ere, gogoeta hauetan ahalik eta sektorerik zabalenak parte hartzea garrantzitsua dela dio «aniztasun horrek aberastuko du gogoeta. Bakoitzak bere espa­rrutik, euskarak zer ematen dion, euskarari zer ematen dion aztertu eta ai­tzinera begira zer egin beharko genukeen, noren esku dagoen... jakinen dugu». Jasotako erantzunekin «gure etorkizuneko lan ildo nagusiak zehaztuko ditugu».
 
 Azpimarratu dute «jendea hagitz gustora gelditu izan da halakoetan parte hartu ondotik» horregatik, mundu guztia animatu nahiko lukete. Jasoko den iritzi eta ekarpen bakoitza «euskararen mesederako baita».
 
«Herritar guztien ekarpen eta iritziak dira interesgarriak eta baliagarriak. Aniztasun horrek aberastuko du gogoeta»
 
1. SAIOA
Non: Toki Ona Institutua
Ordua: 10:00-14:00
Gaiak:
Nola bizi dugu euskara herrian?
Euskararen egoera Bortzirietan: osasuntsu, eri?, non?, zertan?
 
2. SAIOA
Non: Toki Ona Institutua
Ordua: 10:00-14:00
Gaiak:
Zer egin behar dugu etorkizunean euskararen normalizazioan pausoak emateko?

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun