Lesakako Herriko Etxeak batzarra deitu du martxoaren 22an, ortziral arratsaldeko 6:00etan. Udaletxeko aitzinaldean Espainiako bandera jartzera derrigortu du udala epai batek eta horren kontrako epaibidea bukatua da dagoeneko. Batzarrean parte hartzeko deia egin du Bilduk.
Udaletxeko aitzinaldean Espainiako bandera jartzea derrigorrezkoa dela jakinarazi zion Espainiako Gobernuko Delegazioak udalari, joan den urtean Guardia Zibilak egindako informe baten ondorioz. Udalak errekurritu eta epaibideari ekin zion, inposaketatzat eta herritarren gehiengoaren sentimenduen kontrako erasotzat jo baitzuen. Epaitegiak ez du ontzat hartu Lesakako udalaren errekurtsoa eta bandera jartzera derrigortu, berriz ere errekurritzeko aukerarik eman gabe.
«Estatu espainolaren eraso politikoa» salatu du Bilduk eta taldea instituzioetatik aterarazteko saiakera dela uste du, «gurea kontsideratzen ez dugun eta herritarren gehiengoak onartzen ez duen sinbolo bat, Espainiako bandera kasu honetan inposatuz». Bilduren erranetan, «inposizio berri baten aitzinean gaude, baina obeditzen ez bada, ondorio larriak ekar ditzakeena». Horregatik, ortziral arratsaldean eginen den batzarrera ahalik eta herritar gehien agertzeko deia egin du Bilduk, «aitzinera begira eman beharreko urratsak denen artean aztertu eta eztabaidatzeko».