Bortzirietako euskara ikasleak omenduko dituzte Lesakan martxoaren 16an

TTIPI-TTAPA 2013ko martxoaren 15a

Gure hizkuntza xaharra ikasteko ahalegina egiten dutenak omendu nahi ditu Korrika 18k. aek

Korrika sinbolikoa eta segidan ekitaldia izanen da plazan

Korrika 18k euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren milaka pertsonak omendu nahi ditu. Horren harira, Bortzirietan ekitaldi berezia antolatu dute larunbatean.18:00etan plazatik abiatuta, Bortzirietako Korrika, Korrika sinbolikoa izanen da eta segidan, trikitilari, dantzari, bertsolari eta euskara ikasle eta irakasleek ekitaldia eginen dute plazan.

Korrikak edizio bakoitzean, pertsona edo erakunde bat omentzen du. 18. edizio honetan,  euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren milaka pertsona hartu dituzte gogoan. Martxoaren 14tik 24ra bitartera egiten den kilometro bakoitza haiei zuzendua dago, baina horretaz gain, omenaldi bereziak ere antolatu dituzte han hemenka. Hain zuzen, martxoaren 16an, larunbatean, Bortzirietako euskara ikasleen omenaldia antolatu dute. Arratsaldeko 06:00etan plazatik abiatuta, Bortzirietako Korrika, Korrika sinbolikoa izanen da. Korrika ofiziala iritsi baino egun bat lehenago, Korrika giroak hartuko du herria. Bortz lekuko aldaketa eginen dituzte bortzirietako ikasleek, herri bakoitzeko lekuko aldaketa bat.

18:30ean berriz, ekitaldia nagusia hasiko da. Hasteko, Tantirumairu euskal folklore taldekoek aurreskua dantzatuko diete euskara ikasleei eta Lesakako Trikipand taldeko trikitilariek osatuko dute arratseko musika pieza. Horretaz gain, euskaltegiko ikasle eta irakasleek zerbait irakurri eta abestuko dute eta Maddalen Lopez eta Ioar Taintak bertsoak kantatuko dituzte. Arratsalde osoan zehar, Labiaga ikastolako talogileek taloak prestatuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun