Organoa moldatzeko lana ia akabatua da. Gastua ordaintzeko behar zen dirua aski bildu da: eskean, zozketan, azokako salmentan, eta lehendik zena.
Dorreko teilatua eta teilatu handia, biak arrunt gaizki daude. Baina ez da dirurik berritzeko. Hala ere, emaile bat izan daiteke, torreko gastua ordaintzeko prest dagoena. Hala gertatzen bada, aurten bertan moldatuko da.
Dorreko teilatua lehen zegoen forman paratuko da, duela 55 urte arte zegoen bezala. Orduan erlojua bazuen, baina kanpoko lau aldetako esferarik ez. Eta orain ere modu berean geldituko da. Erlojua izan, bai izanen da; erlojuko orduak orain bezala funtzionatuko du; orduen ezkilak adituko dira, baina ordua ikusi ez. Orain ordua ikusteko diren lau esferak ezin dira mantendu, torrearen forma aldatuko delako, eta aldatze hau eginen da itaizurarik ez izateko eta teilatu azpian aisago ibiltzeko. Dorreko bertze tokietan ezin dira paratu esfera horiek, Gobernuko Bianako Printzea erakundearen iduriz eta aginduz. Gainera, obra frankoz merkeago izanen da lehengo forma zaharra emanez.
Garai batean, Nafarroako elizaren izenean erregistroan sartuta zegoen Etxalarko tenplua edo eliza, titular honekin: El templo es “De la diócesis de Pamplona para la parroquia de Etxalar”. Orain Etxalarko Parrokiaren izenean paratua dago, honela: El titular es la “Parroquia Santa Maria de Etxalar”, Iruñeko Jabetza Erregistroan ikusten ahal dugunez.