2.492.108 euroko aurrekontua izanen du aurten Herriko Etxeak

Aitor AROTZENA 2013ko martxoaren 14a

PNVk ez zuen bozketan parte hartu beraiek landutako zirriborroak «ez duelako zerikurisik dokumentu ofizialarekin»

2.492.108 euroko diru sarrera eta irteerak izanen ditu aurten udalak, Bilduren aldeko botuekin onartutako au­rrekontuaren arabera. Andra Mari Zahar Etxearen aurrekontua, berriz, 694.000 eurokoa izanen da. Bietan ere, aurrekontu ttikixeagoa dute. Azkeneko urteetan bezala, udalaren zorra kontuan hartuz, guttieneko aurrekontu bat izanen da, eta inbertsio gutti eginen da. Amortizazio eta interesetan baka­rrik aurrekontuaren %14 joanen da, 360.000 euro eta krediturik eska­tzeko aukerarik ez du Herriko Etxeak, udalaren zorpetze maila %200 ingurukoa baita eta kredituak eskatu ahal izateko muga %75ean dago. Halere, gastu soziala eta zerbi­tzuak mantendu nahi izan ditu Bilduko udal taldeak.
 
PNVk ez zuen bozketan parte hartu. Beraiek aztertzeko eskuratu zuten oinarrizko aurrekontu-zirriborroak eta dokumentu ofizialak zerikusirik ez dutela salatu zuten. Gainera, hainbat atal murrizten direnean, udalak Euskara Mankomunitateari ematen dion diru kopurua bi urtetan bikoiztu izana ez zuen ulertzen PNVk, eta ez zuen beharrezkoa ikusten Lesaka UEMAn eta Udalbiltzan egotea. Aurrekontuko bertze puntu batzuekin ere ez zegoen konforme PNVko udal taldea.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun