Espainiako Gerran fusilatutakoak eta desagertuak gogoan izan ditu herriak

TTIPI-TTAPA 2013ko mar. 14a, 11:17

Une hunkigarriak bizitu ziren martxoaren 3ko omenaldi ekitaldian. Aitor Arotzena

Hilarria agertu zuten hilerrian eta ekitaldia herriko plazan

Udalak hainbat ekitaldi antolatu zituen martxo hasieran, Espainiako Gerran fusilatutakoak eta desagertutakoak gogora ekartzeko. Ekitaldi nagusia martxo­aren 3an egin zen.
 
Goizean lore eskaintza egin zen hilerrian, eta bertako hobian paratu den harria agerian utzi zen. Hauxe irakur daiteke hilarrian: Berako Udalak Espainiako gudan fusilatutakoak eta desagertuak gogoan; Gazte ziren, aske ziren, langile ziren eta harro zeuden, gizarte berri bat amesten zuten eta berdintasunean sinesten zuten.
 
Eguerdian, Beran fusilatu zituztenez gain, fusilatutako eta desagertutako beratarrak omendu zituen Udalak Herriko Etxeko plazan. Hamabi beratar identifikatu dituzte fusilatu eta desagertutakoen artean: Secundino Anadon Cambero, Francisco Arozamena Irazoki, Lucio Aldai Longarai, Ramon Balza Loperena, Enrique Berasain Sorondo, Juan Etxenike Matxiarena, Gregorio Francisco Garbisu Endara, Ecequiel Gomez Rodrigo, Esteban Irazabal Irazabal, Joxe La­rraburu Maritxalar, Faustino Martinez Urteaga eta Cesareo Seminario Iraizoz. Musikari, ber­tsolari eta dantzarien saioen artean, adierazpen instituzionala irakurri zuen Marisol Taberna alkateak, Asteasu, Etxa­lar, Igantzi, Tolosa, Villa­bona, Zizurkil eta Berako udal ordezkariak in­gu­ruan zituela. «Su­fri­men­dua, krudelkeria, gerraren oinazea ahan­tzi gabe, berriro ere gerta ez dadin, adiskide­tzearen aldeko mezua zabaldu nahi dugu gaur, hemen. Gorrotorik gabeko gizartea eraikitzeko konpromisoa har­tzen dugu, askatasunean, justizian eta aukera berdintasunean oinarritua egonen dena. Ez Euskal Herrian, ez munduko bertze inongo lurraldetan horrelakorik be­rriz ere gerta ez dadin, gure ahotsa goratzen segituko dugu, herrien eta pertsonen askatasunen alde», zioen ida­tziaren bukaerak. 
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!