Kolore moreak hartu du eskualdea asteburuan. Martxoaren 8aren inguruan, besta eta aldarrikapenak bat egin dute ekimenetan. Bortzirietan, «Emakume eta gizon, biak ala biak, eskubideen jabe» lelopean, elkarretaratzeak, antzerkia, solasaldiak, afari-meriendak, dokumental emanaldia, kontzertuak... izan dira. Erantzun zabala izan dute antolatutako ekitaldiek. Tartean Bortzirietako emakumeak batu dituen ekimena ere izan da. Azken lau urteetako ohiturari eutsiz, bost herrietako emakumeek mendi itzulia egin baitute elkarrekin.
Martxoaren 10ean, goizeko bederatziak inguruan, Etxalarko Zentinelarantz abiatu da 70 emakume inguruk osatutako taldea. Menditik jautsita elkarretaratzea egin dute 13:00etan plazan eta gero bazkaria izan dute Etxalarko Herriko Ostatuan. 18:00etan, Mentxu Peña Lizarazuren “Emakumea mendian ere bai” proiekzioa eskaini da Kultur Etxean. Datorren urtean, Bortzirietako Emakumeen Mendi Itzulia Lesakan izanen dela aurreratu dute antolatzaileek.