1.467 bazkide ditu Gure Txokoak eta 215 dantzari, 30 pilotari eta 155 futbolari ari dira Berako elkarte nagusiaren izenean, martxoaren 2ko urteko batzar orokorrean emandako datuen arabera.
Iazko akta irakurri eta onartu ondoren, Anjel Pombar lehendakariak, urtean zehar antolatutako ekitaldiak bi hitzetan aipatu zituen, gero bokalia bakoitzeko ordezkariak zehazkiago azaldu baitzituzten.
Txirrindularitzan, Joseba Errandoneak, apirileko jubenil eta bestetako kadeteen karrerak aipatu zituen, baita iraileko BTT martxa. Aipagarria da aurten jubenilen laisterketa Euskal Herriko torneoaren barnean sartuko denez, 100-160 txirrindularien partaidetza ziurtatua dagoela. Beti Gazte, Biltoki eta Gure Txokoa elkarteen artean martxan jarri nahi den txirrindularitza eskola ere aipatu zuen.
Dantzatan, urtean antolatutako ekitaldiak aipatu zituen Jon De la Cruzek eta aurten San Migel zubiko batailaren 200.urteurrena dela eta eginen dituzten ekitaldiak aipatu zituen.
Pilota eskolan, 25 urtez irakasle izan den Luis Mari Retegik erreleboa eman die Mitxelena, Eltzaurdia eta Lazkanotegiri.
Futbola eta areto-futbola hagitz defizitarioak direla ere aipatu zen. Halere, heldu den denboraldian berriz ere jubenilen taldea ateratzea da helburua. Futbol zelaian belar artifiziala paratzeko urtean zehar izandako bilerak aipatu ziren eta 2013an Nafarroko Gobernutik dirua ez zegoela erran zen. 2014an dirulaguntza hori lortzea izanen da helburua.
Azkenik, bodegeroek ostatuko berri eman zuten, bai bertan egindako obraren berri, baita ostatuko falten berri ere. Ostatuko faltak aunitz guttitu diren arren oraindik hobetu daiteke, kontuak arretaz eginez eta mahaiak, garbiketa, deskortxeak… ordaindu behar direla gogoratuz.