Lesakako udalak Kultur Etxea eta bertan dauden aretoen izenak erabakitzeko deialdia zabaldu zuen otsailaren 8an. Oihartzuna nahi bezalakoa izan ez denez eta herritarrek hala eskatu dutenez, prozesua errepikatzea erabaki da. Prozesua errepikatu arren, aurreko deialdian aurkeztutako proposamenak errespetatuko dira.
Proposatu beharreko izenak zortzi dira denetara, eta behar bezala argudiatu beharko dira. Zehazki, honako hauek dira izendatu beharrekoak: eraikina, ekitaldi aretoa edo auditorioa, komentuko eliza zena edo erabilera anitzetako gela eta erabilera desberdinetako bortz gela.
Proposamenak aurkezteko epea martxoaren 10eko 13:00ak bitarte luzatu da, www.lesaka.net webgunean edo Turismo Bulegoan, asteartetik ortziralera 9:30etik 15:00etara, larunbatean 10:00etatik 13:00etara eta igandean 10:00etatik 14:00etara edo udal bulegoetan. Bozketarako, berriz, egun bakarra izanen da, martxoaren 12a, asteartea, 11:00etatik 19:00etara.