Espainiako Gerran fusilatu eta desagertutakoak omendu ditu Berako herriak

TTIPI TTAPA 2013ko martxoaren 4a

Aitor Arotzena

Ekitaldi nagusia igande eguerdian egin zen, Berako Herriko Etxeko plazan

Berako Udalak hainbat ekitaldi antolatu zituen joan den astean, Espainiako Gerran fusilatutakoak eta desagertutakoak gogora ekartzeko. Ikusi bideoa Ekitaldi nagusia martxoaren 3an, igandean egin zen, omenaldia egin baitzen, baina astean zehar solasaldia eta dokumental emanaldia ere egin ziren. Ikusi argazkiak

Berako Udalak hainbat ekitaldi antolatu zituen joan den astean, Espainiako Gerran fusilatutakoak eta desagertutakoak gogora ekartzeko. Ikusi bideoa Ekitaldi nagusia martxoaren 3an, igandean egin zen, omenaldia egin baitzen, baina astean zehar solasaldia eta dokumental emanaldia ere egin ziren. Ikusi argazkiak

Hainbertze urtez sufrimenduan eta isilpean gorde behar izan dute Espainiako Gerrako biktimek. Orain, Espainiako Gerra hasi zenetik 77 urte geroago, Berako Udalak gogora ekarri ditu bertan fusilatutako eta desagertutako gizonak. Bera izan zen Nafarroa guztian fusilamendu gehien egin zen herria. Gipuzkoako preso anitz ekarri zituzten Berako harrobira fusilatzera, eta herriko hilerrian lurperatu zituzten. Datu ofizial argirik ez badago ere, zenbait iturrik 200 hildakotik goiti zenbatu dituzte.

Memoria hori gogora ekartzeko asmoarekin, Berako Udalaren ekimenez, joan zen azaroa eta abenduan Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek Berako hilerriko hobi komuna ireki zuten. 80. hamarkadan hilerrian izandako eraldaketen ondorioz, 7 gorpuzkin baino ez zituzten atera argitara, baina agerian gelditu zen Gerrako hobi komuna zegoela bertan.

Ekitaldi nagusia, erran bezala, igandean egin zen. Goizeko 11:00etan lore eskaintza egin zen Berako hilerrian, eta bertako hobian paratu den harria agerian utzi zen. Hauxe irakur daiteke hilarrian: "Berako Udalak Espainiako gudan fusilatutakoak eta desagertuak gogoan; Gazte ziren, aske ziren, langile ziren eta harro zeuden, gizarte berri bat amesten zuten eta berdintasunean sinesten zuten”.

Ondotik, eguerdian, Beran fusilatu zituztenez gain, fusilatutako eta desagertutako beratarrak omendu zituen Udalak Herriko Etxeko plazan. Hamabi beratar identifikatu dituzte fusilatu eta desagertutakoen artean: Secundino Anadon Cambero, Francisco Arozamena Irazoki, Lucio Aldai Longarai, Ramon Balza Loperena, Enrique Berasain Sorondo, Juan Etxenike Matxiarena, Gregorio Francisco Garbisu Endara, Ecequiel Gomez Rodrigo, Esteban Irazabal Irazabal, Joxe Larraburu Maritxalar, Faustino Martinez Urteaga eta Cesareo Seminario Iraizoz. Bortzirietako eta Gipuzkoako hainbat udal ordezkarik ere parte hartuko zuten ekitaldian.

Josu Goiak, “Altzateko jaunari otoitz” kantatuz hasi zen ekitaldia. Jon Abril eta Maria Agirrek, gai honen inguruan Barojatarrek, Anjel Lertxundik eta bertze zenbait idazlek idatzitako pasarte hunkigarriak irakurri zituzten, Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolako bibolin taldearen laguntzarekin. Hain zuzen, Isidoro Fagoaga tenoreak berak ere alde egin behar izan zuen Beratik Gerraren ondorioz. Gero, Patxi Castillo eta Ainhoa Larretxea bertsolariek ere kantatu zuten. Petti kantariak ere abesti pare bat eskaini zuen.

 

Adierazpen instituzionala

Segidan, adierazpen instituzionala irakurri zuen Marisol Taberna Berako alkateak, Asteasu, Etxalar, Igantzi, Tolosa, Villabona, Zizurkil eta Berako udal ordezkariak inguruan zituela. «Euskal Herriak hamarkadatan anitz sufritu du. Bakea eraikitzeko tenorea ailegatu da, eta guztion ahalegin eta konpromisotik behar du. Gaur omentzen ditugun eraildakoek erein zuten libertadea loratzen hasteko tenorea da. Sufrimendua, krudelkeria, gerraren oinazea ahantzi gabe, berriro ere gerta ez dadin, adiskidetzearen aldeko mezua zabaldu nahi dugu gaur, hemen. Gorrotorik gabeko gizartea eraikitzeko konpromisoa hartzen dugu, askatasunean, justizian eta aukera berdintasunean oinarritua egonen dena. Ez Euskal Herrian, ez munduko bertze inongo lurraldetan horrelakorik berriz ere gerta ez dadin, gure ahotsa goratzen segituko dugu, herrien eta pertsonen askatasunen alde», zioen idatziaren bukaerak. Segidan, Beran dagoeneko identifikatuak dauden hildakoen senideei deitu zitzaien eta Oaia Perurena margolariak egindako lan bat eman zitzaien eta Aurreskua dantzatu zieten.

Ekitaldia bukatzeko, Josu Goiak gidatuta Internazionala kantatu zuten plazan bildutakoek.

Halere, Bide Ertzean taldeko Imanoll eta Joni Ubedak ere kantu pare bat eskaini nahi izan zituzten, beraiek ere Gerraren ondorioz fusilatutakoen bilobak eta birbilobak izaki. Ondotik, herri bazkaria egin zen Zalain jatetxean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun