Patxi Vila Errandonea txirrindulari profesional ohiak omenaldia jaso du bere sorterrian, Beran, otsailaren 22 eta 23an. Herriko erakunde eta taldeekin harremana duten pertsonek eta bere lagunek prestatu zituzten ekitaldiak, Berako Herriko Etxearen laguntzarekin.
Berako txirrindulariak bere lehen pedalkadak Club Ciclista Beratarra taldearen eskolan eman zituen eta Gure Txokoa, AHV, Sicesal eta Caja Rural taldeetan aritu zen gazte denboran. Hemendik profesionaletarako urratsa eman zuen Banesto taldearen eskutik (2001-2002) eta Lampre (2003-2008), De Rosa (2011) eta Utensilnor Named (2012) taldeetan aritu zen. 2006a izan zen Patxi Vilaren urterik onena, orduan irabazi baitzuen Paris-Niza lasterketako hirugarren etapa eta bigarren izan zen sailkapen orokorrean. Gainera, urte hartan bederatzigarren izan zen Italiako Giroaren sailkapen orokorrean.
Omenaldi ekitaldiak ortziral arratsean abiatu ziren Kultur Etxean, bideo emanaldiarekin, solasaldi-mahainguruarekin eta argazki erakusketarekin. Larunbatean txirrindularitza martxa izan zen eta Patxi Vila ere bertan izan zen, tropel profesionaleko bere zenbait adiskiderekin batera. Zalain jatetxeko herri bazkariarekin bukatu ziren omenaldi ekitaldiak.