Eguraldiak lagundu ez bazuen ere, hori ez zen arazoa izan herritarrentzat inauteriak ospatzeko. Ortzegun Gizenarekin hasi ziren. Landagain eskolako ikasleek euria hasi arte herriko xokoetan antzerkiak egin zituzten. Euria hasi zuenean 5. eta 6. mailako ikasleek plazan antzeztu behar izan zuten; baita Antsolokueta auzoan egin beharreko dantzak ere. Guztira 71ikasle eta 13 irakaslek hartu zuten parte eta giro politean pasa zuten arratsaldea.
Otsailaren 10a, Zaldun inaute eguna, kinto bazkariak izan ziren.
Otsailaren 11a, Astelehen inaute egunean, goizeko 8etarako bildu ziren 45 bat gazte La Basque ostatuan gosaltzeko eta ondotik bi taldetan banatuta, batzuk goiko auzoan eta bertzeak behekoan, eskean ibili ziren egun guzia trikitilarien laguntzarekin. Ilunabarrean berriz denak elkartu eta egunari akabera emateko pintxoekin afaldu zuten Elutsa ostatuan.
Astearte inaute egunarekin akautu ziren inauteriak. Eguerdian mozorro eta karrozekin herriari itzulia eman zitzaion. Arratsaldean berriz, Beñat akordeoilariak alaituta, Altxataren eskutik, taloak salgai izan ziren frontoian bigarren urtez segidan. Ilunabarrean, astelehenean baserrietan banatutako zenbakien zozketa egin zen eta saskia Iturraldeko bordara joan zen.