Giro ederrean ospatu dute Boluntarioen Eguna Berako San Jose Zahar Etxean

TTIPI-TTAPA 2013ko martxoaren 1a

Giro ederrean dantzan ibili ziren Berako Zahar Etxeko Boluntarioaren Egunean. Utzitako argazkia

Musutruk, laguntzeko helburu bakarrarekin, egiten duten lana eskertzeko Boluntarioen Eguna ospatu zuten otsailaren 18an Beran. Egun osoa batera igaro zuten Elkarrizan boluntario elkartekoek eta San Jose zahar etxeko adinekoek.
 
Boluntarioen eguna mahaiaren bueltan hasi zuten, guztiak elkartu zirenerako luntx ede­rra baitzuten zain. Tripa bete ondotik, besarkadak oparitu zituzten, urte osoan boluntarioek egiten duten lana eskertzeko asmoz. Arra­tsaldean 16:30ak aldera bertze luntx bat das­tatu zuten, Errenteriko Roberto Alvarez eta Jose Ignacio Murua musikariek giroa alaitzen zuten bitartean. Batzuk eserita musikaz goza­tzen, besteak gelditu gabe dantzan, ederki pasa zuten elkarrekin. Bes­ta egiteaz gain, zahar etxeko eguneroko jarduerak ezagutu eta haietan parte hartzeko aukera izan zuten boluntarioek. 
 
GAZTELERA KLASEAK IGANTZIN
Bolondres kontuekin segituz, Bortzirietako Gizarte zerbitzuen Mankomunitateak, herrita­rren eskariei erantzunez gaztelera ikastaroak antolatu ditu Igantzin. Astean bitan, astearte eta ortzegunetan, 16:30ean elkartuko dira Igantziko eskolan. Ekimena aitzinera daramate Elkarrizan taldearei esker. Maribel Abril Eraso eta Igantziko Udalaren eta eskolaren laguntza ere ezinbertzekoa izan da. Bortzirietan abian jar­tzen den laugarren alfabetizazio taldea da, Lesakan bat eta Beran bi baitaude dagoeneko.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun