Mendiko eta errepideko 50 lasterketetan parte hartu zuten iaz Manttaleko korrikalariek

TTIPI TTAPA 2013ko otsailaren 26a

Azkaingo Neska Korrikan parte hartu zuten Manttaleko emakumeak. Manttale

60 neska-mutiko ari dira Manttale Ttiki atletismo eskolan

Manttale Mendi lasterketa taldeak denboraldi ederra egin zuen iaz eta bere 30 korrikalariek mendiko nahiz errepideko 50 bat lasterketetan parte hartu zuten. Bertze aldetik, Manttale Ttikik bosgarren denboraldia osatu du eta 60 bat neska-mutiko bildu dira larunbatero Beran atletismoaren oinarriak ikastera.

Manttale Mendi lasterketa taldeak denboraldi ederra egin zuen iaz eta bere 30 korrikalariek mendiko nahiz errepideko 50 bat lasterketetan parte hartu zuten. Bertze aldetik, Manttale Ttikik bosgarren denboraldia osatu du eta 60 bat neska-mutiko bildu dira larunbatero Beran atletismoaren oinarriak ikastera.

Nagusiei dagokienez, mendiko lasterketetan, Nafarroako laugarren zirkuitoan eta Euskadiko Kopan parte hartzeaz gain, Manttaleko korrikalariak Munduko Koparako puntuagarria den Zegama-Aizkorrin eta Munduko famatuena den Mont Blanc-eko Ultratrailean atera ziren. Inguruan, Biriatu-Ibardin-Biriatu, Oleta-Yasola-Oleta, Aiako Harrietako Mendi Maratoi Erdia eta Sara eta Urdazubiko Kontrabandisten lasterketetan ere atera ziren.

Unai Santamariak ezin izan zuen berriz ere Nafarroako zirkuituko txapeldun izan, denboraldi erdian lesionatu baitzen. Halere, bigarren izan zen Ezkaba Trail proban.

Euskadiko Kopan, Txus Unsion beratarra hamekagarren izan zen sailkapen orokorrean.

Patxi Irazoki igantziarrak garaipena lortu zuen Les Delices D’Ursuia eta Défi du petit train de Larun lasterketetan.

Ibilbide luzeko lasterketetan, Txun Unsionek 88 kilometro dituen Goierriko Bi Haundiak lasterketa egin zuen. Hamaseigarren izan zen, 13 ordu eta 7 minutuko denborarekin. Mont Blanceko Ultratrailean ere debuta egin zuen eta 2.100 partehartzaileen artean 201. postu bikaina lortu zuen.

Mendian ez ezik, asfaltoan ere ibili da Manttale, Behobia-Donostia, Txingudi Korrika, Orreaga-Zubiri, Hiru Hondartzetako Krossa eta Nafarroa, Gipuzkoa eta Iparraldeko hainbat krossetan.

 

60 neska-mutiko Manttale Ttikin

Manttale Ttikiko atletismo eskolak 60 neska-mutikorekin lan egin du bere bosgarren denboraldian. Ikasleak hiru taldetan banatu (6 urtekoak, 7-10 urtekoak eta 10-12 urtekoak) eta urritik ekainera Jone Zelaieta, Hegoa Telletxea eta Iñaki Pikabea monitorren klaseak jasotzen dituzte larunbatero Berako kiroldegi parean eta Matzada futbol zelaian. Atletismoaren oinarriak ikasi eta jolasak egiten dituzte. Horretaz gain, mendira eta konpetizioetara ateraldiak egiten dituzte. Nafarroako Kirol Jokasetako probetan parte hartu zuten Burlatan eta Larrabiden eta haurrei zuzendutako lasterketetan ere aritu ziren, Lizuniagako Igoeran, edo Leitza, Agerra, Alkaiaga edo Hiriburuko krossetan, erraterako. Hiruhilabetero mendiko ateraldia egiteaz gain, ikasturte bukaerako txangoa Urbasara egin zuten, Urederraren itturburura.

 

Emakumeen taldea ere lanean

Emakumeendako entrenamenduek ere erantzun ona jaso dute eta 30 bat emakume elkartzen dira asteazkenero entrenatzera. Batzuk asteko bertze egun batzuetan ere ateratzen dira. Emakume talde honek, bere bigarren denboraldian hainbat kasterketetan parte hartu du: Hiru Hondartzen Krossa, Behobia-Donostia, Lilatona, Azkaineko Neska Korrika, Doneztebeko Krossa, Agerrako Krossa eta hainbat San Silvestre lasterketetan

 

Berako Mendi Maratoi Erdia eta gehiago

Manttalek antolatzen dituen ekitaldien artean ezagunena Berako Mendi Maratoi Erdia. Eguraldi kaxkarra egin zuen arren, zortzigarren edizioak 500 korrikalari bildu zituen. Hain zuzen, eguraldiaren eraginez ibilbidea laburtu behar izan zuen eta Larunera ez ziren igo korrikalariak. Aurtengo edizioa apirilaren 14ean eginen da.

Baina Mendi Maratoi Erdiaz gain, bertze ekimenak ere bultzatu ditu Manttalek. Honela, Agerra Mendi Taldearekin eta Gure Txokoarekin batera, urtarrileko bigarren larunbataen Mendi Eguna antolatu zuen Loro Pikabea, Xabier Zubieta eta Xabier Saralegiren omenez. Azaroan, ‘Pura vida’ Iñaki Ochoa de Olzaren erreskate ahaleginari buruzko dokumentala ekarri zuen Berako Kultur Etxera eta sarrerarekin atera zuena (300 lagun sartu ziren euskarazko eta gaztelerazko proiekzioak ikustera) Iruñeko mendizaleak martxan jarri zuen SOS Himalaya Fundaziora bideratu zuen.

Informazio gehiago: www.manttale.com

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun