Lesakako Kultur Etxearen eta aretoen izenak aukeratzeko bozketa abian da

TTIPI-TTAPA 2013ko otsailaren 25a

Lesaka inguruko mendi eta parajeen izenak, antzinako izenak, izaki mitologikoenak... irakurri litezke herritarrek egindako proposamenen artean.

Kontaketa egin eta emaitzak argitaratuko dira otsailaren 27an

Igandean hasi zen bozketa eta asteartera arteko epea izanen dute lesakarrek, gustokoen dituzten izenen alde egiteko. Astelehenean, udal bulegoetan eman dezakete botua 08:00etatik 14:30era. Asteartean berriz, turismo bulegoan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Asteazkenean kontaketa egin eta emaitzak argitaratuko dira.

Kultur Etxearen eta areto berrien izenak aukeratzeko prozesua jarri du abian berriki Lesakako Udalak. Herritarrek beraien proposamenak aurkeztu dituzte eta orain bozketaren txanda iritsi da. Igandean hasi ziren eta asteartera arteko epea izanen dute lesakarrek, gustokoen dituzten izenen alde egiteko. Astelehenean, udal bulegoetan eman dezakete botua 08:00etatik 14:30era. Asteartean berriz, turismo bulegoan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Asteazkenean, otsailaren 28an, kontaketa egin eta emaitzak argitaratuko dira.

Denera zortzi izen behar dira: Kultur etxearen eraikinarentzat, ekitaldi aretorako, erabilera anitzetako gelarako eta bost izen bertze bost geletarako. Pertsona izenak ezin ziren aurkeztu eta egiten ziren proposamenak arrazoitu egin behar ziren. Hori dela eta, Lesaka inguruko mendi eta parajeen izenak hartu dituzte askok oinarritzat, baina antzinako izenak, izaki mitologikoenak... ere aurki ditzakegu zerrendan. Intxisune, Arriondoa, Iturrieder... Proposamen guztiak ikusi nahi dituenak www.lesaka.net orrialdean aurkitu ditzake.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun