Musutruk, laguntzeko helburu bakarrarekin, egiten duten lana eskertzeko Boluntarioen Eguna ospatu zuten otsailaren 18an Beran. Egun osoa batera igaro zuten Elkarrizan boluntario elkartekoek eta San Jose zahar etxeko adinekoek.
Boluntarioen eguna mahaiaren bueltan hasi zuten, guztiak elkartu zirenerako luntx ederra baitzuten zain. Tripa bete ondotik, besarkadak oparitu zituzten, urte osoan boluntarioek egiten duten lana eskertzeko asmoz. Arratsaldean 16:30ak aldera bertze luntx bat dastatu zuten, Errenteriko Roberto Alvarez eta Jose Ignacio Murua musikariek giroa alaitzen zuten bitartean. Batzuk eserita musikaz gozatzen, besteak gelditu gabe dantzan, ederki pasa zuten elkarrekin. Besta egiteaz gain, zahar etxeko eguneroko jarduerak ezagutu eta haietan parte hartzeko aukera izan zuten boluntarioek.