San Jose zahar etxeak iada 6 urte daramatza irteerak programatu eta burutzen. Bertako animatzaile soziokultural eta bolondresei esker, urtaroaren arabera, irteera ezberdinak eta egokituak egiten dira. Oraingoan ordea, ez dute antolatu beharrik izan, Ibardingo Arrago Bentak gonbidatu baitituzte sagardotegi menua jatera. Urtarrilaren 24an 15 laguneko kuadrila ederra bertaratu zen. Ez zen txuleta hezurrik ere gelditu platerean eta sagardoa gustoko ez zuenak ere, denbora guztian sagardoz beterik zuen edalontzia. Zahar Etxetik diotenez, heldu den urtean berriz joatea izanen da eskertzeko modurik onena.