Patxi Vila txirrindularia maitasunez omendu dute asteburu honetan Beran

TTIPI-TTAPA 2013ko otsailaren 25a

Larunbateko txirrindularitza ibilaldian parte hartu zutenetako batzuk. Utzitako argazkia

Ortziralean bideo emanaldia, solasaldia eta argazki erakusketa egin ziren Kultur Etxean eta larunbatean, bizikleta ibilaldia eta bazkaria

Berako herriak, lagunek eta jarraitzaileek ongi merezitako omenaldi beroa eskaini diote asteburu honetan Patxi Vila Errandonea txirrindulari profesional ohiari. Ikusi argazkiak

Berako herriak, lagunek eta jarraitzaileek ongi merezitako omenaldi beroa eskaini diote asteburu honetan Patxi Vila Errandonea txirrindulari profesional ohiari. Ikusi argazkiak

Ortziral arratsean hasi ziren ekitaldiak Berako Kultur Etxean. Aurkezpenen ondotik, Igor Ordokik, Patxi Vilaren lagunak eta Paula eta Julia honek ilobek Aurreskua dantzatu zioten omenduari. Segidan, Marisol Taberna alkateak txapela jarri zion Vilari eta Fernando erasain kirol zinegotziak lore-xorta eskaini zion honen emazteari, Noemíri. Patxi Vilaren kirol bizitzari buruzko ikusentzuneko hunkigarria eman zuten gero eta azkenik, solasaldia izan zen, kultur etxera hurbildu zirenen partehartzearekin.

Patxi Vilak bere lehenbiziko pedalkadak eman zituenetik erretiratu bitarteko errepasoa egin zuen eta denentzako esker oneko solasak izan zituen. Hain zuzen, erretiratzeko erabakia joan den urteko Euskal Herriko Itzulian Bera eta Ibardinen barna pasatu zenean hartu zuela onartu zuen, maila honetako proba batean bere zaleen aitzinetik pasatzea “maila animikoan eta emozionalean gertatzen ahal zitzaidan handiena zelako, konpetitzen segitzeko bete gabeko bertze helbururik ez zitzaidan gelditzen”, nahiz eta eskaintzak izan bazituen.

Argazki erakusketa ere zabaldu zen Kultur Etxean eta ortziral arratsean eta larunbat goizean hainbat herritar agertu zen Vilaren argazkiak ikustera, CC Beratarrako bere lehen maillotarekin eta baita ondotik jantzi zituenekin ere, Gure Rxokoa, Clave, AHV, Sicesal eta Caja Rural afizionatuetan, eta Banesto, Lampre, De Rosa eta Utensilnor Named profesionaletan.

Ortziral arratseko aterpeko ekitaldien ondotik, larunbatean bizikleta hartu eta hotzari aurre eginez, kanpoko omenaldi ekitaldia egin zitzaion Vilari. 60 bat txirrindulazalek, Patxi Vila bera lagun zutela, itzuli bat eman zuten, hasiera aurrikusitakoa baino laburxeagoa. Eguerdian Aferran bildu eta handik, ttikienekin batera joan ziren kiroldegira.

Omenaldi ekitaldiak, ohikoa denez, mahainguruan bukatu ziren, ehun lagun baino gehiago bildu baitziren Zalain jatetxeko bazkarian. Bazkalondoan, erakunde, lagun eta jarraitzaile gehiagoren opariak jaso zituen Patxi Vilak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun