Berako San Jose Zahar Etxeak boluntarioaren eguna ospatuko du astelehenean

Ttipi-Ttapa 2013ko otsailaren 14a

Boluntarioei eskerrak eman eta zahar etxeko eguneroko jarduerak ezagutaraztea da helburua

Boluntarioei egiten duten lana eskertu nahi diete, besarkada solidarioen bidez. Horretaz gain, luntxa eta musikarako tartea ere izanen da. Era berean, boluntarioek zahar etxeko eguneroko jarduerak ezagutu eta haietan parte hartzeko aukera izanen dute. Elkarrizan boluntario elkartekoak han izanen dira eta bertze boluntarioak ere animatzea nahiko lukete.

Besteei laguntzeko helburu bakarrarekin, boluntario gisara lanean aritzen direnek, merezitako omenaldia jasoko dute otsailaren 18an. Berako San Jose Zahar Etxeak boluntarioen eguna antolatu  baitu. Boluntarioei egiten duten lana eskertu nahi diete, ekimen berezi baten bidez, besarkada solidarioen bidez. 12:00etatik 12:30ak arte, besarkadak oparituko dizkiete elkarri. Baina aitzinetik, boluntarioek eta zahar etxekoek luntxa izanen dute eguna ongi hasteko. Bertaratzen direnek zahar etxeko eguneroko jarduerak ezagutu eta haietan parte hartzeko aukera izanen dute. Arratsaldean 16:30ak aldera bertze luntx bat dastatuko dute, Errenteriko Roberto Alvarez eta Jose Ignacio Murua musikariek giroa alaitzen duten bitartean. Bertze herrietako boluntarioak ere animatu eta besta egun honetan parte hartzea nahiko lukete antolatzaileek. Elkarrizan boluntario elkartekoak han izanen direla baieztatu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun