Ijito ezkontzak eta GP Lesakak lortu dituzte Lesakako inauterietako mozorroen sariak

Ttipi-Ttapa 2013ko otsailaren 14a

Amaia Eneterreaga eta Martxel Rodrigez ijitoak eta Erretiradi Peñakoak, Zerbitzuen Elkarteko saria eskuetan dutela.bitzuen Elkarteko saria eskuetan dutela.

Zerbitzuen elkarteak lehenengoz saritu zituen mozorroa hobekien eraman zutenak

Mozorroa azalean gelditu beharrean, batzuei barreneraino sartu eta ederki antzeztu zuten papera. Ijito ezkonberriak ziren Amaia eta Martxel, motoristak Erretiradi peñakoak. Giro ederra sortu zuten eta ahaleginak izan zuen fruitua, Lesakako Zerbitzuen Elkarteak mozorroa hobekien eramaten zuenari eskaintzen zion saria eskuratu baitzuten.

 

Kalean hainbeste mozorro ikusita, ez zuten lan erraza izanen Lesakako Zerbitzuen Elkartekoek. Aurten lehenengoz, mozorroa hobekien eramaten zuena saritzen zuten. Sari bakarra izatekoa zen hasieran, baina azkenean berdinketa gertatu eta bi sari banatu zituzten. Ongi merezitakoak biak, mozorroa azalean gelditu beharrean,  barreneraino sartu eta ederki antzeztu baitzuten papera. Ijito ezkonberriak ziren Amaia Eneterreaga eta Martxel Rodrigez, moto lasterketako parte hartzaileak berriz Erretiradi peñakoak. Batzuk ijitoen dotoreziaz jantzita, familiako kide guztiak atzetik zituztela agertu ziren.  Bertzeak berriz, Plaza Zaharra moto lasterketako zirkuito bihurtu zuten eta moto txikietan igota ikuskizun bikaina eskaini zuten. Lesakako Zerbitzuen Elkarteko Loli Antxordokik eman zizkieten sariak, Bereau hotelean zortzi lagunendako afaria eskuratu zuen talde bakoitzak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun