Patxi Vila txirrindulari profesional ohia omenduko dute asteburuan Beran

TTIPI TTAPA 2013ko otsailaren 19a

Herritik pasatu zen etaparen sinadura kontrolean CC Beratarrako maillota jantzi zuen Vilak. Utzitako argazkia

Ortziral arratsean bideo emanaldia, solasaldia eta argazki erakusketa izanen dira eta larunbat goizean bizikleta martxa

Patxi Vila Errandonea txirrindulari profesional ohiak omenaldia jasoko du bere sorterrian, Beran, otsailaren 22 eta 23an. Herriko erakunde eta talde ezberdinekin harremana duten pertsonek eta bere lagunek prestatu dituzte ekitaldiak, Berako Herriko Etxearen laguntzarekin.

Patxi Vila Errandonea txirrindulari profesional ohiak omenaldia jasoko du bere sorterrian, Beran, otsailaren 22 eta 23an. Herriko erakunde eta talde ezberdinekin harremana duten pertsonek eta bere lagunek prestatu dituzte ekitaldiak, Berako Herriko Etxearen laguntzarekin.

Berako txirrindulariak bere lehen pedalkadak Club Ciclista Beratarra taldearen eskolan eman zituen eta Gure Txokoa, AHV, Sicesal eta Caja Rural taldeetan aritu zen gazte denboran. Hemendik profesionaletarako urratsa eman zuen Banesto taldearen eskutik (2001-2002) eta Lampre (2003-2008), De Rosa (2011) eta Utensilnor Named (2012) taldeetan aritu zen. 2006a izan zen Patxi Vilaren urterik onena, orduan irabazi baitzuen Paris-Niza lasterketako hirugarren etapa eta bigarren izan zen sailkapen orokorrean. Gainera, urte hartan bederatzigarren izan zen Italiako Giroaren sailkapen orokorrean.

Omenaldi ekitaldiak jende guziarentzat irekiak izanen dira eta ortziral arratseko 20:00etan abiatuko dira Kultur Etxean, bideo emanaldiarekin, solasaldi-mahainguruarekin eta argazki erakusketarekin. Patxi Vilaren irudi ederrenak ikusi bidenabarkoan, luntxa ere izanen da. Argazki erakusketa larunbat goizeko 11:00etatik 13:00etara ere ikusteko modua izanen da Kultur Etxean.

Larunbatean txirrindularitza martxa izanen da nahi duen guztiarentzat eta Patxi Vila ere bertan izanen da, tropel profesionaleko bere zenbait adiskiderekin batera. Toki Ona kiroldegiko ataritik abiatuko dira goizeko 10:00etan eta Ibardin, Azkaine, Sant Ignace, Sara, Lizarieta eta Etxalarren barna, berriz ere Berara bueltatuko dira eguerdi aldera. Ttikienekin batera, Agerratik abiatu eta Beran barna itzulia eginen dute denak batera. 14:00etan herri bazkaria eginen dute Zalain jatetxean. Txartelak 25 eurotan salgai daude Xuga eta Auzoa ostatuetan, Agara Prentsa dendan, Katea Bike bizikletadendan eta Pikabea harategian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun