34 zakozarrek aurre egin zioten euriari Lesakan Inauterietako igandean

TTIPI TTAPA 2013ko otsailaren 12a

Asteleheneko karrozen artean, Gran Premio Lesaka moto lasterketa ere ikusi zen. Aitor Arotzena

Astelehen eguerdian karroza desfile ikusgarria egin zen

Ezin erran eguraldiak lagundu duenik aurten inauterietan, baina halere, Lesakan 34 zakozar atera ziren igande arratsean, euriari aurre eginez. Ikusi bideoa Normalean, Kastillobaita, Grazienea eta Huartea etxeen arteko plazan betetzen dira zakozarrak, baina belarra eta zakuak ez bustitzeko, frontoi barrenean egin dute aurtengoan. Ikusi argazkiak

Ezin erran eguraldiak lagundu duenik aurten inauterietan, baina halere, Lesakan 34 zakozar atera ziren igande arratsean, euriari aurre eginez. Ikusi bideoa Normalean, Kastillobaita, Grazienea eta Huartea etxeen arteko plazan betetzen dira zakozarrak, baina belarra eta zakuak ez bustitzeko, frontoi barrenean egin dute aurtengoan. Ikusi argazkiak

17 eta 35 urte bitarteko neska-mutilak ziren gehienak, baina horien guzien buru egin zuen Joxe Mari Erkizia, 42 urteko beteranoak. Lehen aldiz atera zirenen artean, kolorea eman zuen Alquemides Jeff Lopez do Santos, Guinea Bissauko afrikarrak. Hiru urte daramazki gure inguruan eta lesakar batekin ezkondua da. Berea dantza dela onartu arren, gogotsu ageri zen lehen aldiz zakuak janzterakoan. Oier Sanjurjo Osasunako futbol jokalariak ere debuta egin zuen zakuzar gisara. Bere aita lesakarra den arren, hura ez omen da inoiz atera zakuzar. Halere, betidanik gustokoa izan duen ohitura da zakuzarrena eta lehen aldiz bete zuen hori Sanjurjok, ondoan Iñaki Zudaire Osasunazale handia zuela.

Han eta hemen, zakuzarrak betetzen eta josten ibili ziren hainbat laguntzaile, eta behin lanak ongi bete, aurpegia estaltzen duen zapia paratu eta pizontzia eskuetan harturik, frontoitik atera eta musika banda hasi zen Lesakako Inauteriak piezaren doinu alaiak hedatzen, zakozarrek pixontziak astindu eta inguratzen zirenak kolpatzen zituzten bitartean. Beti bezala, banda Zabaleta dorrearen parean, Antoiun, Eskol Ttikin eta Bittirian gelditu zen, zakozarrek trago bat hartu eta laguntzaileek puxkatutako zakuak josi, hautsitako pizontziak aldatu eta gainerako lanak betetzen zituzten artean. Beti bezala, plazan akautu zen ibilaldia. Sokak eskuekin hartu zituzten zakozarrek, neska mutikoek zakuak urratu eta belarra hedatzen zuten bitartean.

Zakozar helduek euri pixar bat izan zuten, baina ordu pare bat lehenago zakozar ttikiek, trikitilari taldearen laguntzarekin, euri erauntsi izugarri baten azpian egin behar izan zuten ibilaldia. Horregatik, ibilbidea laburtu eta zuzenean frontoitik plazara joan ziren eta Herriko Etxeko arkupetan egin zuten erakustaldia.

 

Karroza ikusgarriak astelehenean

Inauterietako Astelehenean, ohitura betez Fraindarrak ibili ziren Otsaingo, Frain eta Izotzaldea auzoetan, bi taldetan banatuak eta bezperan bezala, Goitarrak ere ibili ziren. Eguerdian, plaza inguruan, berriz, karroza eta mozorro ikusgarriak ibili ziren. Erraterako, plaza inguruan, Gran Premio Lesaka moto lasterketa egin zen. Motor soinuak ez ezik, Irain eskolako ikasle, irakasle eta gurasoek Ipar Poloko iglooak irudikatu zituzten, eskimal eta pinguinoak bertan zirela. Tantirumairu ikastolakoek, berriz, Afrikako safariarena egin zuten. Horretaz gain, ikusgarria izan zen Andaluziako Aste Santuko prozesioa irudikatzen zuen taldea, Amabirjina bizkar gainean zeramatela. Golf jokalariak, Mario Broseko lagunak eta bertze hainbat pertsonaje ibili ziren Lesakako karriketan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun