Berako Udalak urtero herri lurretan egiten dituen lanen artean, 2012-13 kanpainan Zumaleku eta Idoiako pistak moldatzea aurreikusi da. Horretarako dirulaguntza eskaria egin zuen iaz Nafarroako Gobernuan, eta berriki jakin du dirulaguntza hori eman diotela. Une honetan Udala, Proiektu hori aitzinera ateratzeko beharrezkoak diren tramiteak egiten ari da.
Mendian, herrigunean bezala, behar handiak daude, eta udalaren ekonomiak baldintzatzen du hoien guztien asetzea. Berako Udalak urtero egin ohi dituen mendiko mantenu eta garapeneko lanak gauzatzeko ezinbertzekoa da Nafarroako Gobernuak baso lanetarako bideratzen dituen dirulaguntzaz baliatzea, bertzela ezinezkoa delakoz gastu guztiak ordaintzea. Gainera, Gobernuak paratzen dituen irizpideak bete behar dira. Beharrak aunitz direla jakitun da Udala, «eta ez da erraza denei modu egokian eta garaiz erantzutea». Nolanahi ere, ahalegin handia egiten ari da «behar horiei modurik egokienean erantzuteko».
Pista hauek moldatzeko 46.000 euroko aurrekontua dago eta horretarako lortu den dirulaguntza lan horiek egitea kostatzen denaren erdia. Gainerako zatia Berako Udalak ordaindu beharko du. Lanak irailaren 30a baino lehen egin behar dira, eta Udalak data horiek ahalik eta gehien arindu nahi ditu eta horretarako ari da lanean. Kudeaketa lan hauetan ari dela, harriduraz hartu du Idoiako pistaren moldaketa eskatzen duen sinadura bilketa, «batez ere, idatzi hori zabaldu duenak badakielakoz Udala lan hoiek gauzatzeko puntuan dagoela, berari espreski aditzera eman zaiolakoz. Baina denda eta ostatuetan halakorik bultzatzea erraz eta merke bilakatu da, sinadura bilketa nork bultzatzen duen aipatu gabe ere».
Ez da lehenbiziko aldia gisa bereko sinadura bilketak egiten direla. Herriko Etxeari zilegia iruditzen zaio halakoak bideratzea, «herritarrek adierazpen askatasunerako duten eskubidearen baitan kokatzen ditugulako, baina horietako batzuk ez dira inoiz Herriko Etxera ailegatzen (iaz egindako bertze sinadura bilketa baten kasuan, adibidez), eta sinadura bilketaren sustatzailea ez da behar bezala identifikatua izaten».